Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetan grebara deituta daude langileak maiatzaren 7an, ostegunean. Lanuzte horren bidez 0-3 plataformak Haur Hezkuntzako lehen zikloarendako "duintasuna" aldarrikatuko du. Plataformako kideek adierazi dutenez, "haur eskoletan lagundu, sostengatu eta hezi egiten dugu. Hemen loturak sortzen dira, ikaskuntzak eraikitzen dira eta bizitza oso baten oinarria ereiten dira". Azaldu dutenez, "lanbidea errespetatu gabe ez dago hezkuntza kalitaterik. Haurtzaroa ez da zerbitzu bat, erantzukizun bat da", nabarmendu dute.
0-3ko hezitzaileek nahi dute Hezkuntza Departamentuak irakasle gisa aitortu ditzala. Izan ere, "Haur Hezkuntzako bigarren ziklokoen pedagogia eta burokrazia lan bera egiten dugun arren, ez dugu irakasle aitortzarik". Eta gogorarazi dute LOMLOEk 0-3a hezkuntza zikloa dela aitortzen duela. Hezitzaileek jakinarazi dutenez, dagokien arreta zuzeneko orduak baino hamar gehiago egiten dituzte astean. Hau da, "urtean 33 egun gehiago egiten dugu lan". Gaztigatu dutenez, "%55 gutxiago kobratzen du. Baina gobernuaren partetik eskakizun berak ditugu: Educa, hezkuntza curriculuma, ebaluazioa..." Horregatik, lan eta bizi baldintza duinak aldarrikatuko dituzte greba egunean.
Gaztigatu dutenez, "hori guztia ezinezkoa da dauden ratioekin". Hau da, gela bakoitzeko hezitzaile bakoitzarekin egon behar duen umeen kopurua jaistea eskatzen dute. Horrekin batera, profesionalen artean dauden lanaldi partzialak kentzea aldarrikatuko dute.
Aldi berean, aniztasunari aurre egiteko "baliabide nahikoak" eskatuko dute. Baita 0-3 zerbitzua ez pribatizatzea ere. Bestetik, plataformako kideek azaldu dutenez, administrazioak haur eskoletako zerbitzu anitzetako langile kopurua eskola unitate kopuruaren arabera kalkulatzen du bakarrik, eraikinaren dimentsioa kontutan hartu gabe.
Greba egin ahal izateko deitzaileek gurasoei laguntza eskatu diete, "maiatzaren 7an haurrak gelara ez eramateko" eskatu dute. LAB, ELA, STEILAS, UGT eta CCOO sindikatuek bat egin dute deialdiarekin.