Mank-ek euskara sustatzeko jardueretarako dirulaguntza emateko deialdia egin du

Guaixe 2026ko maiatzaren 8a

Sakanako Mankomunitatearen egoitza. ARTXIBOA

Hilabete akaberara arteko epea dago eskaerak aurkezteko.

Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak hizkuntza sustatzeko jardueretarako dirulaguntza deialdia egin du. Horretarako 7.000 euroko poltsa du. Eskabideak eta dokumentazioa maiatzaren 31ra arte aurkez daitezke. 

Ibarreko erakundeak jakinarazi duenez, honakoak dira diruz lagunduko diren egitasmoak: ezagutzatik erabilerarako jauzia egitea helburu duten egitasmoak; euskara ez dakiten euskal herritarrak euskarara hurbil daitezen helburua duten egitasmoak; euskararen ondarea jaso, gorde edota hedatzea helburu duten egitasmoak; euskararen hainbat alderdi aztertzea helburu duten jardunaldiak; euskalgintzan ibilbide oparoa izateagatik nabarmendutako pertsonak edo elkarteak omentzeko egitasmoak; euskararen familia bidezko transmisioa sendotzea helburu duten egitasmoak; euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzea helburu duten egitasmoak; euskarazko sormen kulturala bultzatzea helburu duten egitasmoak (hitzaldiak, erakusketak, kontzertuak, antzerki-emanaldiak eta lantegiak); etorkinen artean euskararen erabilera sustatzea helburu duten egitasmoak eta euskarazko jostailu, joko eta denbora-pasak.