Mutilen hirugarren mailan 23. jardunaldia jokatu zen. Altsasuk San Juan taldea hartu zuen, eta nahiz eta Alvaro Garciak etxeko taldea aurreratu, San Juanek berehala eman zion buelta partidari, markagailuan 1-4koa ezarrita. Asier Salgadok Altsasuren bigarren gola sartu zuen, eta 2-4arekin altsasuarrak berriro partidan sartu ziren. Baina ilusio bat izan zen, San Juanek beste bi gol sartu eta 2-6 partida erabakita utzi zuelako.
Aralar Mendik Garbayo Chivite Cintruenigo taldea hartu zuen Uharte Arakilen eta uhartearrek garaipen polita ospatu zuten. Mikel Martiarenak Aralar Mendi aurreratu zuen, baina Erriberakoak berehala 1-2 jarri ziren aurretik. Uharte arakildarrek, aldiz, ez zuten etsi eta Eneko Cruzek bina berdindu eta Aimar Igoak 3-2 aurreratu zuen Aralar Mendi. Eneko Cruzek laugarren eta azken gola sartu zuen, eta 4-2 irabazi zuten sakandarrek.
Ibarartek segitzen du hirugarren mailako lider (57 puntu), Ribera de Navarra 4 puntura duela (53 puntu). Altsasu zortzigarren da (30 puntu) eta Aralar Mendi hamargarren (21 puntu). Asteburuan 23. jardunaldia dago jokoan. Altsasuk Erriberan jokatuko du maiatzaren 8an, 20:30ean, sailkapenean bosgarren den Garbayo Chivite Cintruenigoren kontra. Aralar Mendik Universidad de Navarra du arerio, baina bi taldeek partida aurreratu eta apirilaren 30ean jokatu zuten, eta launa berdindu.