Carla Sanchez Galeano, Eneritz Arranz Tatang, Eñaut Gastesi Serrano, Eneko Baile Martin, Haizea Guajan Burga eta Zakaria El Kasmi El Odgdi Lanbide Heziketa bereziko Merkataritzako Zerbitzu Orokorretako laguntzaileko ikasleak dira. Seiek, Naiara Perkaz Gastesi eta Nerea Gartziandia Ormaetxea irakasleekin batera, Erasmus+ programan parte hartu dute eta Lisboan egon ziren apirilaren 23tik 29ra.
Ikasleek azaldu dutenez, egiten ari diren ikasketak aukera emanen diete supermerkatuetan, denda txikietan edo enpresetako biltegietan lan egiteko. Horretan trebatzeko, besteak beste, honako ikasgaiak dituztela aipatu dute: merchandising, bezeroari arreta, jasotako eskaerak prestatzea, produktuak saltzea eta oinarrizko administrazio teknikak.
Seikoteak adierazi duenez, ikasgai guztiak dituzte gogoko. Izan ere, ikasgai horiek, askotan, ez dituzte banaka lantzen, elkarrekin baizik. Izan ere, proiektuak eginez ikasten dute. Proiektuekin ongi moldatzen direla aitortu dute ikasleek. Esku artean zenbait proiektu dituztela azaldu dute.
Leizeta
Alde batetik, Leizeta taberna dute. Lanbide Heziketa institutuko taberna da hori eta institutuko Oinarrizko Graduko ikasleekin batera kudeatzen dute. "Tabernan ikasleei eta irakasleei zerbitzua ematen diegu. Pintxoak, ogitartekoak, edariak, guk egindako gozoak... denetarik eskaintzen dugu. Guztia hemengo sukaldean prestatzen dugu". Haien eskaintzan ez dute hutsik egiten patata edo txistorra tortillek, serranitoak, hirugiharra gaztarekin, pintxo begetala...
Azken horretan jartzen duten letxuga ikastetxean duten baratzekoa da. "Baratzean letxugez aparte, orburuak, borraja, tomateak eta beste landatu ditugu". Erabateko zero kilometroko produktua, beraz. Gainera, tabernan jasotako materia organikoarekin konposta egiten dute, ondoren baratzean erabiliko dutena. Baratza martxan duten aurreneko ikasturtea da honakoa.
Egunero hirugarren orduan sukaldera doaz jatekoak prestatzera. Guztia 10:50erako, atsedenaldirako, prest izan behar dute. Atsedenaldian taberna kudeatzen egoten dira. Orduan lanak banatzen dituzte. Batzuk administrazio ardura hartzen dute eta tabernan eskaintzen dutenaren tiketak saltzen dituzte. Erosleek txartel horiek barran erakutsi behar dituzte eta han dauden ikasleek zerbitzatu egiten diete. Laugarren orduan guztia jasotzeaz arduratzen dira. Taberna zerbitzuak arrakasta du. Astelehenean, esaterako, prestatutako guztia saldu zuten. Gainera, tarteka, ikastetxekoa ez den bezeroren bat ere izaten dute.
Irabazitako dirua hurrengo eguneko erosketa egiteko baliatzen dute. Erosketa egiteaz ere haiek arduratzen dira. Ikasleek guztia egutegi batean ongi antolatuta dute. Hari jarraituz lanak astero txandakatzen dituzte. Txandak dira: gozogintza, jatekoak prestatzea, erosketak egitea, administrazioa, arduraduna eta barra. Horrela, besteak beste, bezeroari arreta edota enpresaren administrazioa praktikatzen dute.
Caterqueen
Izen hori eman diote beste proiektu bati. Catering enpresa bat da. "Hilabete bakoitzean urtebetetzea egiten duten irakasleek eskatuta, gosari bat prestatzen dugu irakasleriarendako". Hor ere bezeroari arreta lantzen dute ikasleek. Eskaintza ere zehazten dute. Horretarako, erosketak egin eta guztia prestatzen dute. Eta, jakina, kobratu egiten dute. "Bakarren batek eskatu nahiko balu, oso gosari gomendagarriak dira", jakinarazi dute irakasleek.
Seikoteak argitu digunez, "taberna eta catering enpresa, negozioa baino zerbitzu bat dira. Prezio merkeak ditugu. Diru pixka bat irabazten dugu eta horrekin, beharbada ikasturte akaberan afariren bat edo bidaiaren bat eginen dugu".
Ikasturte akabera bertan dago. Proiektuekin batera teoria klaseak ere badituzte, eta, jakina, azterketak ere. Ikasten ongi moldatzen direla aitortu du seikoteak.
Portugalen
Erasmus+ programaren bidez zazpi egunez Lisboan egon dira ikasleak eta irakasleak. "Erasmusa Elizondoko Lanbide Eskolako ikasle eta irakasleekin partekatu dugu". Madrilera trenez eta Lisboara autobusez joan ziren, Elizondoko eta Altsasuko ikasle batzuei hegazkinek eta altuerak errespetua sortzen baitie. Talde osoak joatea lehenetsi zuten eta hala egin zuten bidaia. Lisboan pisu bat alokatu zuten, igogailurik gabeko bosgarren solairu batean zegoena.
Lisboan Liga fundazioa Lanbide Heziketako institutua ezagutu zuten, hainbat ziklo eskaintzen duena. Hitzaldia jaso zuten lehenik. Ondoren lorezaintza eta joskintza tailerretan parte hartu zuten. Institutuan bertan bazkaldu zuten, sukaldari ikasleek ikastetxeko jangela kudeatzen baitute. Arratsaldean sukaldaritza tailerra izan zuten. Eta "ikaragarri handia" zen ikastetxea ikusteko aukera izan zuten.
Incluir proiektua bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten beste egun batean. Gizartean eta lan merkatuan kolektibo zaurgarriak (etorkinak, desgaitasuna duten pertsonak…) integratzeko hainbat ekimen dituen inklusio programa bat da. "Proiektuan supermerkatu bat dute. Lan merkatura joan aurretik han prestatu eta praktikak egiten dituzte. Denetarik dute han", jakinarazi dute. Proiektuan trebatutako pertsonak Pingo Doce supermerkatu katean lan egitera pasatzen direla azaldu digute. Hori dela eta, marka horretako supermerkatu bat bisitatu zuten.
Portugalen apirilaren 25a data handia da, Krabelinen Iraultza oroitzen duen eguna baita. Portugaldarrekin batera bizitzeko aukera izan zuten. Lisboa freetour, tranbia, oinez eta tuk tuk bidez ezagutzeko aukera izan zuten. Azokak, Benficaren futbol zelaia eta bestelakoak bisitatu zituzten. Gainera, Sintrako gaztelua, kaleak eta txokoak ezagutzeko aukera ere izan zuten. Bide batez, bisitatu zituzten tokietan bezeroaren arreta nolakoa zen, produktua nola erakusten zuten ikusi zuten.
Portugalgo janaria "oso ona" dela adierazi digute. Guztiek senideei opari gisa Belemgo pastelak ekarri zizkieten. Portugaldarrekin komunikatzeko arazorik ez zutela izan gaztigatu dute.

Balorazioa
Erasmus+ programan parte hartzeko aukera proposatu zietenean, "beldur pixka bat" izan zuten, eta bakarren bat joanen zen edo ez ez zuten jakin. Portugaldik etorri berritan esan dute "oso gustura" egon direla, eta Erasmus egonaldia errepikatuko luketela azpimarratu dute guztiek. Erasmus+ programan parte hartu duten ikastetxeko ikasle bakarrak dira. Gainerako, ikaskideak halakoetan parte hartzera animatu dituzte: "joan daitezela, primeran pasako dute. Eta errepikatu nahiko lukete".
Elizondoko ikasleekin batera eman zuten Portugalgo egonaldia eta lagun egin dira. "Ideia ona izan da haiekin joatea", esan dute. Bateko eta besteko ikasleek harremana mantentzeko Whatsapp taldea egin dute. "Egunen batean guztiok Iruñean elkartzeko asmoa dugu", jakinarazi dute. Caterqueen-en bidez irabazitako dirua egun horretan gastatuko omen dute.
Haiek Portugalen egon diren bitartean Oinarrizko Lanbide Heziketako taldea arduratu da institutuko tabernaz. Baina hori ere betiko martxara bueltatu da. Ikasturtea despeditutakoan oporrak hartzeko asmoa dutela jakinarazi dute. Haietako batzuk praktikak egiten hasi dira eta beste batzuk heldu den ikasturtean eginen dituzte. Guztiek denda edo supermerkatuetan lan egin nahiko lukete.


