Epaiak jaso duenez, hildakoa gizonezkoa Etxarri Aranatz aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren (OGZ) Babestutako Gizarte Enplegu programan lanean hasi zen 2020ko garilaren 22an. Goizeko lan txandan Arbizuko kaleetan hainbat lan egiteko kontratua zuen 46 urteko gizonezkoak. Lanean zela hil zen garilaren 30ean. Egun hartan bero handia egin zuen. Etxarri Aranazko meteorologia estazioaren arabera 12:00etan 36,48º zeuden, 13:00etan 37,15º eta 14:00etan 37,04º. Langilea elizaren ondoan kaleak garbitzen bakarrik gelditu zen lanean 10:30 aldera. Haren gorpua, lan jantziekin, eskola zaharraren azpiko lokalean opatu zuen senide batek 19:00etan. Autopsiak ebatzi zuen bero kolpegatik eta ahalegin fisikoagatik hil zela.
Hildakoaren senideek epaitegitik kanpoko erreklamazioa egin zioten OGZri 2024an baina aldeak ez zuten bat egin eta gaia epaitegira iritsi zen. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak Nafarroako Lan Arloko 3. Zenbakidun Epaitegiak emandako epaia berretsi du eta Etxarri Aranatz aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak (OGZ) aurkeztutako erregutze errekurtsoa atzera bota du. Beraz, OGZk 147.851,67 euro ordaindu beharko dizkio bero kolpe baten ondorioz hil zen gizonezko baten familiari. OGZk ez du helegiterik jarriko.
Aldeak
Epailearen arabera, "zerbitzu anitzetako peoi lanean arrisku gisa identifikatuta dago ingurumen-tenperatura txarrekiko esposizioan egotea", eta hainbat prebentzio neurri ezartzen direla gogorarazi du. Epaileak ebatzi duenez, heriotza gertatu zen OGZk hori saihesteko beharrezko prebentzio neurriak ez betetzeagatik: "plangintzan gabezia larria zegoen eta muturreko tenperaturetan lan egiteko arriskua prebenitzeko neurri zehatzak ez zirela hartu ikusi zen". Lanaren kontrola zeinek egin behar zuen ere ez zegoela zehaztuta gaineratu du. Eta gogorarazi du tenperaturen igoera aldez aurretik iragarri zela.
OGZkoek ukatu egin zuten zabarkeriaz jokatu zutenik edo segurtasun neurririk hartu ez zutenik. Azaldu zutenez, arriskuen ebaluazio eguneratua zuen OGZk, 2020ko apirilaren 2koa. "Ebaluazio horretan zerbitzu anitzetako peoiak zeuden sartuta, eta ingurumen tenperatura kaltegarrien eraginpean egotea identifikatzen zen". Gaineratu zutenez, "langileari prestakuntza eskuliburu bat eman zitzaion". OGZren defentsaren iritziz, "egindako jarduerak ez zuten inolako gaitzespenik merezi, arriskuen ebaluazioan identifikatutako neurriak eta jarraibideak bete baitziren". Defentsak argudiatu zuen, babes neurriak hartu harren zoritxarrez gizonezkoa hil egin zela.