Iruñean eginen den Euskaltzaleon Martxa aurkeztu dute

Guaixe 2026ko maiatzaren 13a

Hilabete barru euskaltzaleak Iruñean elkartzeko deia egin dute. KONTSEILUA

Martxak aldarrikapena eta ospakizuna uztartuko ditu. Euskararendako ofizialtasun osoa, jauzia hizkuntza politiketan eta euskaltzaletasuna aldarrikatuko dituzte 'Euskaraz bizitzeko behar den dena' lelopean.

Euskalgintzaren Kontseiluak eta ehundik gora euskaltzalek aurkeztu zuten Iruñean egitekoa den Euskaltzaleon Martxa. Idurre Eskisabel Larrañagak Kontseiluko idazkari nagusiak Euskal Herri osoko euskaltzaleei dei egin zien garagarrilaren 13an Iruñean elkartzeko. "Batu gaitezen denon artean pizkundea bigarren txinparta batekin suspertzeko", esan zuen.

Eskisabelek nabarmendu zuenez, "euskararen etorkizuna jokoan den honetan ezinbestekoa da euskaltzaleon ekarpena, ekina". Horretarako arrazoiak ere aletu zituen. "Batetik, azken urteetako mundu aldaketa sakon eta bizkorrek desafio berri eta erraldoiak ekarri dizkigutelako mundu osoko hizkuntza eta hizkuntz komunitate gehienei. Zer esanik ez hizkuntza minorizatuei". Horiei erantzuteko "premiazkoa da jauzi bat ematea hizkuntza politiketan. Baina euskalgintza eta gizartearen parte handi bat jauzi hori eskatzen ari den bitartean, euskararen etorkizuna oztopatzeko ahaleginak erauntsi betean dira". Horren adibideak eman eta ondorioztatu zuenez, "horiek denak euskararen eta euskal hiztun komunitatearen erroko arazoaren ispilu: minorizatutako hizkuntza eta hiztunak garela".

Euskararen etorkizuna "kinka larrian" dagoela esanda, egoerari buelta emateko "euskaltzaleon garaia" dela nabarmendu zuen Eskisabelek. Gaztigatu zuenez, "euskaraz bizitzeko norberaren bakarkako ahaleginaz harago denon artean osatutako baldintzak behar dira. Hain zuzen, aldarri nagusi horren bueltan batuko gara garagarrilaren 13an Iruñean, Euskaltzaleon Martxan". Deialdi horretan "Euskaraz bizitzeko behar den dena" eskatuko dutela adierazi zuen: "norberaren erabakimenaz harago euskaraz bizitzea egiaz posible egingo duten baldintzak, euskaltzale antolatu gisa eskatu behar ditugunak, eta justizia sozialean eta demokrazian sinesten duten gizarte gisa eratu beharrekoak".

Hiru zutabe
Euskaltzaleon Martxak hiru zutabe izanen ditu. Batak ofizialtasun osoa eskatuko du. "Izan ere, euskararen normalizazioan aurrera irmo eta bermez egiteko ezinbestekoa da euskara ofiziala izatea Euskal Herri osoan, gaztelania eta frantsesaren pare, bestelako baldintza murriztailerik gabe", azaldu zuen Eskisabelek. Bigarren zutabeak hizkuntza-politiketan eman beharreko jauzia aldarrikatuko du. "Euskarak etorkizunik izango badu eta mundu aldaketa hauetara denetara egokituko bada, premiazkoa da paradigma aldaketa bat gertatzea hizkuntza-politiketan, eta euskararen ezagutza orokortzeko eta normaltasunez erabili ahal izateko baldintza errealak sortzea", esan zuen Kontseiluko buruak. Hirugarren zutabeak, berriz, euskaltzaletasuna irudikatuko du. Eskisabelen esanetan, "herritarron ardura eta eginkizuna azpimarratu ez ezik balioetsi egin nahi dugu zutabe horren bidez. Euskarak aurrera egingo badu herritarron ekarpen eta ekinari esker izango da beste garai ilun batzuetan bezala, euskaltzaleon ekimen antolatuari esker".

Aldarrikapena eta festa uztartuta egonen direla jakinarazi zuen Kontseiluko idazkari nagusiak. "Zutabeetako bakoitza txupinazo eta pregoi batekin hasiko da, eta Ion Celestino musikari iruindarrak egun horretarako sortutako doinu baten konpasean egingo du Gazteluko Plazara bitarteko bidea". Zutabe bakoitza zabalduko duen pankarta, berriz, artista batek egingo du, Iruñeko Peñek erabiltzen duten pankarta moldean. Asisko Urmeneta, Patxi Huarte eta Malen Amenabar izango dira irudi horien egileak.

Egitaraua
17:00etan Antoniuttitik, Runako Parketik eta Askatasun Enparantzatik abiatuko dira.
18:00etan Gaztelu plazan bat eginen dute. Han ekitaldi nagusia ospatuko da.