Astekaria

Taldeka zein banaka, Iskizakoak ikusgarri

Maider Betelu Ganboa 2026ko maiatzaren 14a

Iskizako sei taldek parte hartu zuten taldekakoan, azken urteetako kopururik handiena. ISKIZA

Iskiza Sakana taldeko gimnastek NKJ-etako Taldekako eta Banakako Nafarroako Gimnasia Erritmikoko Txapelketetan lehiatu ziren berriki. Lan ikaragarria eginda, makina bat domina ekarri dituzte Sakanara.

Apirilaren 25ean eta 26an NKJ-etako Nafarroako Gimnasia Erritmikoko Txapelketak jokatu ziren Sarrigurenen, "asteburu luzea eta emozioz beterikoa" Iskiza Sakana taldeko arduradun Olaia Agirreren esanetan. 

Apirilaren 25ean Nafarroako Taldekako Gimnasia Erritmikoko lehen fasearen txanda izan zen. Iskizako sei taldek hartu zuten parte, azken urteetako kopururik handiena, iaz baino hiru talde gehiago. Laugarren mailan kimuen talde bat, infantilen bi talde eta kadeteen talde bat lehiatu ziren, eta hirugarren mailan infantilen eta kadeteen talde bana. "Erronka handia zen, hilabeteetako lana egun batean erakustea ez baita erraza. Hala ere, talde guztiek oso ondo defendatu zituzten ariketak. Beti azpimarratzen dugun bezala, 2 minututan lan guztia erakustea ez da erraza, askotan kontrolatzen zailak diren faktoreak agertzen baitira: urduritasuna, epaileak...". 

Olaia Agirre: "Duten mailarekin, oso pozik, Sakanan egiten ari den lan onaren seinale"

Hala ere, ederki aritu ziren. Laugarren mailako kimuen taldea (Noa Manjon, Katixa Lopetegi, Izaro Resano, Leire Fernandez eta Laida Razkin), 17 talderen artean lehengo sailkatu zen. "Iskizako txikienek eguneko sorpresa eman ziguten. Urduritasuna gaindituta akatsik gabeko ariketak erakutsi zizkiguten, beraien mustutzean disfrutatuz". Bestalde, laugarren mailako Infantil P taldea (Elaia Barandalla, Enara Flores, Uxuri Fortuna, Hanna Romero eta Nora Mendinueta) hirugarren sailkatu zen 13 talderen artean. 

Sailkapenak alde batera utzita, "horra iristeko egin duten lana azpimarratu nahiko genuke. Oso pozik gaude sei taldeek egin zuten txapelketarekin". Taldekako bigarren fasea maiatzaren 23an erabakiko da, Berriozarren. "Bitartean, maiatzaren 10ean Buztintxuri taldeak antolatzen duen Ligan parte hartuko dugu sei talde hauekin, Berriozarkoa ongi prestatzeko".

Banakakoa
Apirilaren 26an Banakako Txapelketaren bigarren fasea jokatu zen. "Azken hilabeteetan egindako lan guztia tapizean islatu zela sentitu genuen; ze harrotasuna! Guztiek ariketa oso onak egin zituzten. Entrenatzaileok oso harro gaude gure neskek izandako jarrerarekin. Banakako txapelketekin modu ezin hobean bukatu genuen".  

Laugarren mailan Garazi Paularena, Itsaso Aldaz, Mara Prieto, Irantzu Garcia, Jare Aldasoro, Ane Arratibel, Sofia de Sousa, Oneka Etxarte, Amalur Apaolaza eta Irati Galbete aritu ziren, eta hirugarrenean Maddi Lorente, Sarai Aldasoro eta Nerea Palomino. Laugarren mailako infantilen 2014 multzoan Mara Prieto lehena eta Itsaso Aldaz bigarrena izan ziren, eta hirugarren mailako jubenilen 2008-an Nerea Palomino bigarrena. 

Bi faseak batuta, Banakako sailkapen orokorrean laugarren mailan infantilen 2014 multzoan Itsaso Aldaz lehena izan da, Jare Aldasoro bigarrena eta Mara Prieto hirugarrena; eta infantilen 2013 multzoan Sofia de Sousa hirugarren. Ondorioz, laugarren mailakoak mailaz igo dira, hirugarren mailara. Bestalde, hirugarren mailan, jubenilen 2008 multzoan Nerea Palominok urrea ekarri zuen. "Oso pozik gaude gure gimnastek duten mailarekin, Sakanan egiten ari den lana onaren seinale".