Maiatzaren 3an jokatutako XVII. Xtreme Higa de Monreal mendi lasterketan euria eta lohia izan ziren protagonistak. Aurretik izena eman zutenetatik %57 aurkeztu ziren, 230 korrikalari.
Proba Luzean (21 km) Moha Ouyart (2:04:09) eta Izaskun Bereau (2:41:38) izan ziren azkarrenak. Lehen sakandarra Mikel Galarza iturmendiarra izan zen (2:32:24). Proba laburrean (12 km) Ion Bermejo gailendu zen (57:51), eta Odei Juango lakuntzarra bederatzigarren sailkatu zen (1:02:35). Nesketan Oihana Arratibelek irabazi zuen (1:08:45); Maite Beregaña uhartearra zazpigarren sailkatu zen (1:18:08).
Nafar Kirol Jokoen azken proba
Xtreme Higa de Monreal Nafarroako Kirol Jokoen (NKJ) Mendi Lasterketen Txapelketetako azkeneko lasterketa baliagarria zen, aurretik jokatutako Etxarri Trail (abenduak 13), Hiru Herri Trail (otsailak 8), Larrate (otsailak 22) eta Jurramendi Trail (martxoak 21) probekin batera. Dantzaleku Sakana atletismo eskolako neska-mutilek, aurreko probetan bezala, maila bikaina erakutsi zuten.
Xtremen ederki
Xtreme Higa de Monrealen, infantilek eta kadeteek 5 km-ko proban parte hartu zuten. Martin Arguelles kadetea izan zen azkarrena (23:55), Iñigo Molinaren (24:37) eta Dantzalekuko Ekhi Guiradoren aurretik (25:36). Aratz Mendoza kadete mailan hamabigarren sailkatu zen (37:21). Nesketan Dantzalekuko Sihets Agirre infantila izan zen azkarrena (33:28). Klub sakandarreko Maddi Berastegi kadetea bigarren izan zen, lehen kadetea (36:12), eta Eider Perez infantila hirugarren iritsi zen, bigarren infantila (36:15).
Jubenilak Xtreme Higa de Monrealgo proba laburrean (12 km) lehiatu ziren. NKJetako Txapelketako lehendabiziko lasterketetan Dantzaleku Sakana klubarekin aritu zen Victor Fernandez irurtzundarra, gaur egun Beste Iruñan dagoena, izan zen lehen juniorra (1:03:20), eta Dantzalekuko Julen Fuentes altsasuarra hirugarrena (1:05:30).
NKJ-etan hiru txapeldun
NKJ-etako txapelketako bost lasterketak kontuan hartuta, hiru txapeldun sakandar ditugu, txapeldunorde bat eta bi hirugarren postu.
Nesken infantilen mailan Sihets Agirre arbizuarra izan da Nafarroako trail txapeldun handia, bost lasterketak irabazita (500 puntu). Dantzalekuko bere taldekide Eider Perez altsasuarra hirugarren izan da (275 puntu). Kadeteen nesketan Maddi Berastegi arbizuarra dugu Nafarroako trail txapelduna, bost probak irabazita (500 puntu). Kadeteen mutiletan Martin Arguelles gailendu da (485 puntu) eta Ekhi Guirado altsasuarra bigarren izan da, oso gertu (475 puntu). Aratz Mendoza arbizuarra hamargarren sailkatu da (255 puntu).
Jubeniletan Victor Fernandez irurtzundarra da Nafarroako txapelduna (490 puntu), eta Dantzalekuko Julen Fuentes altsasuarra hirugarren (460 puntu). Bere taldekide Jon Orella zazpigarren sailkatu da, soilik Jurramendin lehiatuta (80 puntu). Lesionatuta ibili da Orella, eta ongi bidean dago.
Dantzaleku Sakanan "ezin poziago" daudela azaldu du Aitor Mendoza kimuen eta infantilen entrenatzaileak. Fermin Azkargorta kadeteekin eta jubenilekin aritzen da, eta Jokin Bereziartu benjaminekin eta nagusien taldeekin. "Entrenamenduetan egunez egun egiten den lanaren emaitza da hau. Gure korrikalariek gora egin dute nabarmen, oso kontentu gaude".

CESA txapelketarako txartela
Izandako emaitza bikainei esker, Ekhi Guirado, Sihets Agirre, Eider Perez eta Maddi Berastegi Nafarroako trail selekzioarekin maiatzaren 29tik 31ra Jaenen jokatuko diren CESA, eskola adineko Espainiako Mendi Lasterketen Txapelketan lehiatuko dira. Nafarroako lehen bi juniorrak, Victor Fernandez tartean, ekainaren bukaeran Asturiasen jokatuko diren Espainiako Txapelketetan ariko dira.