TOKIKOM Liga,  Egunean Behin jokoaren denboraldiko aukera berria

Guaixe 2026ko maiatzaren 8a

Parte hartzeko telefono mugikorra eta gogoak behar dira.

Maiatzaren 11an hasiko da toki komunikabide-eskualdeen arteko lehia dibertigarria izanen da

Egunean Behin sakelako galdera eta erantzunen jokoak 21. edizioa abiatuko du heldu den astelehenean, maiatzaren 11an. GUAIXE parte den TOKIKOM komunikabide taldea izango da denboraldiaren babesle nagusia eta, jokoa garatzen duen CodeSyntax enpresarekin batera, berrikuntza dakarte: TOKIKOM Liga, hedabide-eskualdeen arteko norgehiagoka.

Orain arte, Egunean Behinen jokoan lehiatzeko bi modu egon dira: jokalari guztien arteko sailkapen orokorrean, edo nahierara sor daitezkeen taldeetan: herrikoa, familiakoa, lagun koadrilakoa… Horien artean dago Sakana taldea, GUAIXEk sustatutakoa. 

Bada, astelehenean hasi eta bederatzi astez luzatuko den 21. denboraldian, lehiatzeko hirugarren aukera bat ere izango da: hedabide-eskualdeka osatutako hamar talde, tartean GUAIXE izena. Talde horiek mugatuak izango dira, eta jokalari bakoitzak bakar batean eman ahalko du izena. Denboraldi honetarako hauek izango dira aukerak: 28 Kanala (Tolosaldea), Aiurri (Beterri-Buruntza), Anboto (Durangaldea), Arabako Alea (Arabar guztiei irekia), Barrena (Debabarrena), GiTB (Goierri), Goiena (Debagoiena), Guaixe (Sakana), GUKA (Urola Kosta) eta Hiruka (Uribe Kosta). 

Taldeetako bakoitzak bere sailkapen eta barne lehia propioa izango du, eta hedabide bakoitzak eskainitako sariak ere bai. Horretaz aparte, taldeon arteko lehia ere izango da. Egunero jokatzen duten jokalarien batez besteko puntuazioetan oinarrituta, eskualdeen arteko rankinga ere argitaratuko da, eta horrela astez aste ikusiko da zein eskualde nagusitzen den jokoan.

Taldeen ezaugarri bereziak
Hedabide-eskualdekako talde horien ezaugarri bereziak izango dituzte. Batetik, parte hartu nahi duten jokalariek taldeotako bakarra aukeratu beharko dute. Talde arrunten kasuan, orain arte bezala, nahi bestetan parte hartu ahalko da. Horretarako aukera profila editatzeko aukeretan aurkituko dute (pantailaren goiko aldean ezkerrera). Bertan azalduko da hedabide-eskualdea aukeratzeko menu bat. Talde horietan izena emateko profileko informazioa osorik bete beharko da, sarien kudeaketa errazteko. Gainera, hedabidetako bakoitzak bere sariak izango ditu, jokalarien artean zozketa bidez banatuko direnak. 

Eskualdeen arteko eta jokalarien sailkapena jakinaraziko dira astero. Gure hedabidea eta eskualdearen izen onaren alde egin nahi dutenek, beraz, Egunean Behin instalatu eta gure taldean izena ematea baino ez dute! Aplikazioa eskuratu eta TOKIKOM Ligaren bilakaera ikusteko eguneanbehin.eus/tokikom helbidera jo daiteke.