Yolanda Beltza Igoa

"Erakusketak giza eskubide bakoitzaren errealitatea zein den erakusten du"

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko maiatzaren 13a

Yolanda Beltza Igoa erdian, Ongi Etorri zikloaren aurkezpenean.

Rinaldi fundazioko kidea da Yolanda Beltza Igoa; erakundeak giza eskubideen inguruko erakusketa jarri du Ziordian. 

Ongi Etorri zikloaren baitan Eskubide urratuen oihartzuna erakusketara Ziordiko liburutegian ikusgai dago, giza eskubideak ezagutzeko aukera dela esan du Yolanda Beltza Igoa Rinaldi fundazioko kideak. 

Rinaldi fundazioa, zer da?
Nazioarteko lankidetzan aritzen den gobernuz kanpoko erakunde bat da. Beste herrialde batzuetako erakundeekin batera lan egiten dugu mundu bidezkoago bat lortzeko. Nikaraguan eta El Salvadorren ditugu proiektuak batez ere. Nafarroan ere sentsibilizazio proiektuak ditugu. Eta horregatik parte hartzen dugu ziklo honetan.

Erdialdeko Amerikan, zer?
Garapen integraleko proiektuak dira, hainbat arlo lantzeko: hezkuntza, ingurumena eta emakumezkoen berdintasuna.

Eta Nafarroan zer lantzen duzue?
Nazio guztien erantzukizuna da beste lurralde batzuetako eta gure lurraldean bizi garen pertsonen giza eskubide guztiak errespetatzea, eta pertsonak duin bizitzea lortzea. Horregatik pentsatzen dugu hemengo pertsonek ardura dugula. Guk lan handia egiten dugu jendeak uler dezan giza eskubideak zein diren, zer prozesutan urratzen diren giza eskubideak eta gizarte gisa ditugun ardurak, bai gure ondoan bizi den jendearekin, bai beste lurralde batzuetan bizi diren pertsonekin. Sentsibilizazio lana da gurea.

Zergatik parte hartzen duzue?
Giza eskubideen inguruko erakusketa batekin parte hartzen dugu zikloan. Ongi Etorri errefuxiatuak zikloan giza eskubideen ikuspegia aztertzea garrantzitsua dela iruditzen zaigu. Migratua edo errefuxiatua den pertsona baten prozesuan giza eskubide urraketa asko daude, bai sorterrian, bai lekuz aldatzeko prozesuan ere. Garrantzitsua da jakinaraztea, alde batetik, migratzea giza eskubide bat dela. Eta, bestetik, bizi zaren lekuan sistematikoki eraso bat jasaten ari bazara, denok beste lurralde batean babesa eskatzeko eskubidea daukagu. Giza eskubideen ikuspegia zabaltzeko parte hartzen dugu zikloan.

Erakusketa non eta noiz bisita daiteke?
Eskubide urratuen oihartzuna erakusketa Ziordiko liburutegian dago. Maiatzaren 4tik 22ra astegunetan, arratsaldez, ikusgai izanen da.

Zergatik joan beharko ginateke erakusketa ikustera?
Erakusketak giza eskubide bakoitzaren teoria azaltzen du. Eta, horrekin batera, eskubide bakoitzaren urraketa bana ageri da. Bisitariak giza eskubideak zein diren jakinen du. Gure gizartean asko normalizatuta dauzkagu, baina, beharbada, guztiak zein diren ez dakigu. Eta, bestetik, erakusketak giza eskubide bakoitzaren errealitatea zein den erakusten du, betetzen diren edo ez.