Bi sakandar Euskal literatura Nafarroan jardunaldietan

Guaixe 2026ko maiatzaren 7a

Javier Arakama eta Castillo Suarez jardunaldien aurkezpenean. EUSKALTZAINDIA

Imanol Rayok eta Alicia Turrilasek Euskaltzaindiak antolatutako jardunaldietan parte hartuko dute.

Maiatzaren 8an eta 9an, ostirala eta larunbata, Euskal Literatura Nafarroan jardunaldiaren bigarren edizioa izanen da, Iruñeko Kondestable jauregian, Euskaltzaindiak Nafarroako idazle talde batekin elkarlanean eta Iruñeko Udalarekin eta Nafarroako Gobernuaren babesarekin antolatuta. Besteak beste, Castillo Suarez euskaltzain oso altsasuarrak aurkeztu zuen egitasmoa, eta azaldu zuenez aurreko urtean euskal literaturak Nafarroan duen egoera aztertu zen, eta aurten zinemaren eta literaturare arteko harremana jorratuko da; hain zuzen, zinemak literaturzaletasunean duen eragina. Berriki poesia lanak argitaratu dituzten Nafarroako zenbait poeta gonbidatu dituzte ere.

Jardunaldian bi sakandarrek parte hartuko dute: maiatzaren 8an, Zinema eta literatura solasaldia izanen da, 18:30ean, eta Imanol Rayo zinemagile arbizuarra eta Pello Lizarralde, Gaizka Izagirre eta Begoña del Teso ariko dira, Ariane Karino kazetariak gidatuta. Bestetik, maiatzaren 9an, 12:00etan, poeta berrien poesia errezitaldia izanen da, eta Urritzolan bizi den Alicia Erkuden Griffihts Turrillas harpa jotzaileak girotuko du errezitaldia.