Maiatzaren 4an Emakumeen Nafarroako Foru Komunitate Nesken Pilota eta Pala Torneoa aurkeztu zuten. Txapelketa Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Euskal Pilota Federazioak antolatu dute. Maiatzaren 8an hasi eta ekainaren 6an despedituko den txapelketan guztira 29 klubetako 70 pilotari eta palista lehiatuko dira, Euskal Herri osokoak, tartean sakandarrak.
Txapelketan guztira 55 partida jokatuko dira Nafarroako hamaika herritan, horietako batzuk Etxarri Aranazko Euskalerriari pilotalekuan eta Irurtzungo Biaizpen. Finalak Labriten jokatuko dira, ekainaren 6an.
Aurkezpenean Kultura, Kirol eta Turismo kontseilari Rebeca Esnaolak azaldu zuenez, "torneo hau bokazio oso argiarekin jaio zen: emakumeak pilotan sartzea, emakumeen talentua erakustea eta emakumeen pilota haztea. Gaur egun esan dezakegu helburu horiek indarrean egoteaz gain, betetzen ari direla".
Esku pilotan momentuko pilotari onenak lehiatuko dira (hamar pilotari). Pîlota goxua (hamabi pilotari) eta hasiberrien txapelketa (20 pilotari) izango dira esku pilotan jokatuko den beste bi kategoriak. Larruzko paletan palista nafarrak lehiatuko dira, maila gorenekoak (zortzi palista), eta paleta goma txapelketan bi maila egongo dira, lehena (zortzi palista) eta bigarrena (hamabi palista)
Sakanan
Palista sakandarrak maiatzaren 17an sartuko dira lehian, igandea, Lekunberriko Jaian Jai pilotalekuan, paleta goman (10:00etan). Guerra-Iribarrenek Mendiburu-San Martin izango dituzte aurkari, eta Lasa-Goikoetxeak Campos-Garmendia.