Elkar fundazioak urtero banatzen duen Ibilbideari Elkar Sarien bidez euskal kulturari ekarpen aipagarria egin dion erakunde bat nabarmendu eta saritu nahi izaten du. Hamaikagarren saria Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jaso zuen asteazkenean, maiatzaren 6an. Saria Agurne Gaubeka Erauskin eta Garbiñe Petriati Ijurra sakandarrek jaso zuten.
Sari emailek gogoratu zuten Hizkuntz Eskubideen Behatokia 2001ean sortu zela. Sorrerako arrazoiak ere gogorarazi zuten: "euskararen lurraldean, Euskal Herrian, euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatuta ez zeudela ikusten zuelako". Elkarreko kideek esan zutenez, "eremu batzuetan hizkuntzaren existentzia bera ere ukatzetik abiatzen da hizkuntza eskubideen urraketa, hizkuntzari inolako estatusik onartzen ez zaiolako, ofizialtasuna bera ukatuta". Gaineratu zuenez, "beste eremu batzuetan, hizkuntzak izan arren estatus ofiziala, egunero urratzen dira euskaldunen eskubideak euskaraz aritzeko aukerak ixten direnean, izan lanean, izan irakaskuntzan, izan administrazioan, izan osasungintzan, izan aisialdian… eguneroko bizitzan etengabe behartzen da euskalduna erdara erabiltzera, euskara ez dakienak beti behartzen baitu euskalduna hizkuntza aldatzera", nabarmendu zuten Elkarreko kideek.
Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren izenean Gaubekak esan zuenez, “Behatokiak bere beharrik izango ez duen komunitatea amesten du, hori bulkatzeko ardura duten guztiak interpelatu nahiko genituzke, ardura kolektiboa eta erantzukizun soziala ardatz, erakunde, enpresa, eragile zein bestelakoei hizkuntza politika eraldatzailea eta bermatzailea bultzatu eta babesteko eskatzen diegu". Bestetik herritarrei dei egin zien: " jarraitu dezagun geure buruak ahaldundu eta antolatzen, jarraitu Euskararen telefonoa erabiltzen”.
Euskararen telefonoa
Behatokiaren doaneko zerbitzua da. Hizkuntza-eskubideen urraketei konponbidea emateko tresna. Zerbitzu hori Euskal Herriko edozein herritarren eta elkarteren eskura dago. Behatokia.eus webgunearen biden pairatutako hizkuntza eskubidearen urraketa kasuen berri eman daiteke.