Futbola

Gorka Pascuaren Osasuna B-k 2. RFEF mailara igotzea lortu du

Guaixe 2026ko maiatzaren 11

Taldeak gustura ospatu zuen igoera. OSASUNA

Igoera faseko itzulerako partidan 3-1 irabazi zioten Mallorca Internacionali.

Nesken Osasuna B taldeak denboraldiari ginga jarri dio. Nesken hirugarren mailako liga nagusitasun osoz irabazi eta gero, igoera fasea jokatu dute Gorka Pascua altsasuarrak entrenatzen dituen jokalariek eta mailaz igotzea lortu dute: datorren denboraldian Osasuna B 2. RFEF mailako taldea izango da. 

Mallorcaren kontra Son Moixen 0-1 irabazi ondoren, maiatzaren 9an itzulerako partida jokatu zen Taxoaren. Zale asko eta giro bikaina alde izan zuten gorritxoek. Partida lehiatuan, Mallorca Internacionalek 35. minutuan gola sartu zuen eta norgehiagoka parean jarri zen Hala ere, Osasunak konfiantza handiarekin jokatzen jarraitu zuen, erasoetan presionatzen jarraitu zuen eta atsedenaldirako minutu baten faltan bana berdintzea lortu zuen. Bigarren zatian lehiak bizi-bizi jarraitu zuen  eta 52. minutuan 2-1 aurreratu zen Osasuna B. 75. minutuan pentaltia egin zioten Osasunako jokalari bati eta gorritxoek penaltiz sartu zuten hirugarren gola. Azkenean, 3-1 irabazita eta San Moixen lortutako gola batuta (4-1) Osasuna B-k eta mailaz igotzea lortu du, merezimendu guztiz. 

Iazko jaitsieraren ondoren urte bat hirugarren mailan egon da Osasuna B berriro 2. RFEF mailara igo arte. Gorka Pascua entrenatzaileak aitortu duenez, “igoera denboraldi hasieratik helburua zen. Denboraldi ona izan da, ez dugulako partidarik galdu. Urte osoan partidarik ez galtzea konplexua da”. Taldeko atezainen entrenatzailea da Xabi Gasco lakuntzarra, eta bera ere ezin poziago dago lortutako garaipenarekin. 

Osasuna C, hirugarren mailara
Osasuna B taldea 2. RFEF mailara igo denez, Osasuna C taldeak hirugarren mailara igotzea lortu du. Taldeko atezainen entrenatzailea Angel Vergara altsasuarra da.