Futbola

Etxarri, Lagun Artea eta Altsasu, jubenilen igoera fasetik kanpo

Guaixe 2026ko maiatzaren 12a

Hiru taldeek bigarren mailako jubeniletan jarraituko dute, igoera faseko lehen kanporaketa ez baitute gainditu.

Ametsa bukatu da. Etxarri Aranatzek, Lagun Arteak eta Altsasuk jubenilen bigarren mailan segituko dute, lehen mailara  igotzeko igoera fasetik kanpo geratu eta gero. 

Asteburuan lehen kanporaketako itzuliko partida jokatu zen. 

Etxarri Aranatzek eta Mutilvera B taldeek berdindu egin zuten joanekoan, beraz, partida zabal-zabalik zegoen. Itzuliko partida San Donato futbol zelaian jokatu zuten. Partida hasi eta berehala, 2. minutuan Iker Martinezek gola sartu eta Etxarri aurreratu zuen, baina hurrengo minutuan Mutilvera B-k berdindu egin zuen. Partidak bizi-bizi jarraitu zuen, 60. minutuan Mutilvera B-k bigarren gola sartu arte. 1-2 galtzen zuen Etxarrik, eta saiatu zen, baina ezin izan zion partidari buelta eman. Luzapenean Mutilvera B-k hirugarren gola sartu zuen, eta 1-3 galduta Etxarri Aranatz igoera fasetik kanpo geratu zen. 

Lagun Arteak Peña Azagresa hartu zuen Itxesalden. Erronka zaila zuten lakuntzarrek, joaneko partidan 3-0 galdu zutelako Azagran. Gainera, Guardia Zibila agertu zen partidara, nonbait Peña Azagresak eskatuta, Itxesalden bildutakoen harridurarako. 11. minutuan Peña Azagresak gola sartu zuen, baina Lagun Arteak ez zuen behera egin eta atsedenaldia baino lehen Eneko Razkinek bana berdindu zuen. Bigarren zatian Samuel Quinterok Lagunen bigarrena sartu zuen, baina nahiz eta partida 2-1 irabazi, joanekoan kontuan hartutako golekin Peña Azagresak egin zuen aurrera igoera fasean. 

Azkenik, Altsasuk Funes izan zuen aurkari Erriberan. Joaneko partidan Altsasuk 1-2 galdu zuen, baina erremontadarako prest zeuden Peio Goikoetxearen mutilak. Partida hasi eta berehala, Asier Apaolazak gola sartu eta norgehiagoka parekatu zuen. Lehiak bizi-bizi jarraitu zuen, baina 74. minutuan Funesek bana berdintzea lortu zuen. Altsasu modu guztietara saiatu zen, baina ezinezkoa izan zen eta Funesek egin du aurrera igoera fasean.