Txirrindularitza

Bost sakandar, Juniorren Nafarroako Txapelketako Top10ean

Guaixe 2026ko maiatzaren 13a

Tropela, XXIX. Estella Txirrindularitza Kluba Trofeoan. FEDERAZIOA

Ion Unai Gonzalez hirugarren, Luca Martinez bosgarren, Ekai Erdozia seigarren, Urko Oiarbide zazpigarren eta Unai Gomez hamargarren izan ziren Nafarroako Txapelketan.

Maiatzaren 10ean Lizarran jokatutako XXIX. Estella Txirrindularitza Kluba Trofeoa aldi berean Juniorren Nafarroako Errepideko Txapelketa izan zen. Ordezkaritza sakandar zabala lehiatu zen eta gure txirrindulariak ikusgarri aritu ziren. 

Lasterketa borrokatuan, bederatzi txirrindulari iritsi ziren batera helmugara, eta Eneko Ugartemendia (Tolosa Danena) izan zen azkarrena (2:28:46). Talde horretan Ion Unai Gonzalez etxarriarra zegoen (Alimco Campagnolo), eta seigarren sailkatu zen. 

Nafarroako Txapelketa
Nafarroako Txapelketari dagokionez, Joritz Barberena (Vizcay Hermanos) izan zen Nafarroako txapelduna, eta  Ion Unai Gonzalez (Alimco Campagnolo) hirugarrena. Nafarroako Top10ean beste lau sakandar daude: Luca Martinez (Tolosa Danena) bosgarren, Ekai Erdozia (Sakana Group Aralar) seigarren, Urko Oiarbide (Sakana Group Aralar) zazpigarren eta Unai Gomez (Quesos Albeniz) hamargarren. 

Atzetik, sakandar gehiago sailkatu ziren. Manex Huarte (Sumelec Ermitagaña) hamabosgarren iritsi zen helmugara; Xabier Curiel (Quesos Albeniz) hamaseigarren, Mikel Arrizabalaga (Quesos Albeniz) hamazazpigarren; Janitz Zufiaurre (Sumelec Ermitagaña) hemeretzigarren; Unax Etxeberria (Sakana Group Aralar) hogeigarren; Oier Pagola (Quesos Albeniz) 21.; Unai Okariz (Quesos Albeniz)22.; Javier Arenal (Sakana Group Aralar) 23.; Alex Gonzalez (Sakana Group Aralar) 27.; Ibai Galarza (Quesos Albeniz) 28.; eta Asier Flores (Quesos Albeniz) 30.

Luca Martinezen Lacturale
Maiatzaren 1ean Lacturale Junior Sari Nagusia jokatu zen, Etxeberritik abiatuta Goldaratzen despeditu zen lasterketa, Ermitagaña klubak antolatutakoa. Luca Martinez lakuntzarrak (Tolosa Danena) sekulako erakustaldia eman zuen eta bakar-bakarrik iritsi zen Goldaratzeko helmugara (2:12:54) denboraldiko bere hirugarren lasterketa irabaziz. Iaz ere Lacturale Saria irabazi zuen Martinezek. 

Ekai Erdozia Top10ean sailkatu zen, bederatzigarren izan baitzen (2:16:01).