Sakandarren %2,28k eman zuten odola joan zen urtean

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko maiatzaren 21a

Odola emateko unitate mugikorra Altsasuko plazan. ARTXIBOA

Adonaren furgoneta herrietara etortzen denean hara joan eta emaile izateko eskaera egin daiteke.

Nafarroako Odol Emaileen Elkarteak, Adonak, jakinarazi duenez, 473 sakandarrek odola eman zuten joan zen urtean. Hau da, ibarreko populazioaren %2,28. Eta 2024an baino 70 emate gutxiago dira. Jaitsiera izan daiteke Adonaren odola emateko furgoneta Sakanara aldiren bat gutxiago etorri izanagatik. Odola eman zutenetatik 44 sakandarren estreinako aldia izan zen joan zen urtean, 2024an baino lau gutxiago. Odol emaile guztien %9,30 izan ziren berriak. 

Odola eman zuten sakandarrek guztira 838 odol emate egin zituzten. Emate horietatik 756 odol emate arruntak izan ziren, %90,21, eta gainerako 82ak, %9,78, berriz aferesi emateak izan ziren.  

Odol emate arrunt bakoitzean 450 ml odol atertzen dira, poltsa berezietan sartu eta gordetzen da. Aferesi bidezko odol ematea, berriz, emate berezia da makinen bidez ateratzen baita odola. Bere osagaiak bereizten dira, beharrezkoak direnak hartzen dira, eta gainerako odola emaileari bueltatzen zaio. Teknika bereziki onuragarria da gaixoendako, beharrezkoak diren osagaiak odol emate arruntetan baino askoz kantitate handiagoan ateratzen direlako, eta arriskua txikiagoa delako. Emailea berdin-berdin lehengoratzen da.

Emaile izan nahi duenak adona.es/eu webguneko egutegiaren bidez jakinen du herrietara noiz etorriko den odola emateko unitatea. Bestela, Iruñean dagoen Nafarroako Odol Bankura joan daiteke.