Lantokian euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko laguntzak

Guaixe 2026ko maiatzaren 19a

Arbizuko industrialdea. ARTXIBOA

Gobernuaren dirulaguntzen bidez hainbat jarduera finantza dezakete enpresek

Pausoa eman eta lantokian euskararen presentzia indarteko aukera ematen du Nafarroako Gobernuak. Izan ere, eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko dirulaguntza deialdia egin du. Laguntzak Nafarroan kokatutako lantokien jabe edo kudeatzaile diren pertsona juridiko pribatuendako dira.

Foru administrazioaren deialdi horren bidez, enpresek eta arlo sozioekonomikoko eragileek euskararen aldeko hainbat jarduera finantzatzeko aukera izanen dute, esaterako: lantokian euskararen egoeraren diagnostikoa egitea, Euskara Plana prestatzea, plan horren baitako jarduerak garatzea, ekintza puntualak abiatzea edo webguneak eta software aplikazioak euskaraz sortu, egokitu edo euskaratzea.

Deialdiak 82.000 euroko aurrekontua du. Haietatik 15.000 euro euskarak lantokian duen egoeraren diagnostikoa egiteko edo Euskara Planak egiteko da; 50.000 euro enpresaren Euskara Planetik eta urteko kudeaketa planetik abiatuta euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko jarduerak garatzeko; 5.000 euro aldez aurreko Euskara Planik gabeko ekintza puntualak edo neurri zehatzak egiteko eta 12.000 euro komunikazioaren teknologiei lotutako inbertsioetarako.

Eskaerak aurkezteko epea maiatzaren 28ra artekoa da. Informazioa euskarabidea.eus webgunean dago. Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak argibideak eman eta eskaerak tramitatzen laguntzen du. Horri buruzko informazioa lortzeko 948 464 840 telefono zenbakira hots egin edo euskara@sakana-mank.eus e-postara idatzi daiteke.