Sakana Garapen Agentziak (SGA) Europako Poctefa Edit proiektua lantzen ari da. Europak hala zehaztuta, Produktuaren Pasaporte Digitala (PPD) tresna garrantzitsua izango da heldu diren urteetan. Jasangarritasunarekin, trazabilitatearekin eta digitalizazioarekin lotutako Europako politiken barruan kokatzen da PPD. Tresna horren helburua da produktuei buruzko informazio garrantzitsua jasotzea eta antolatzea, besteak beste, erabilitako materialak, osaera, ingurumen-inpaktua, konpongarritasuna, mantentze lanak edo trazabilitatea.
SGAk antolatutako jardunaldian zazpi enpresek parte hartu zuten, agroelikaduraren eta eraikuntza sektoreetakoak. Enpresa horietako ordezkariek jakin nahi izan zuten PPD zer den, nola eragin diezaiekeen eta prestatzeko zer pauso ematen has daitezkeen ezagutzeko interesa agertu dute.
Horretarako, PPDren testuingurua azaldu zieten, baita orain arte egindako aurrerapen nagusiak aurkeztu ere. Horien artean, Euskadi, Nafarroa eta Akitania Berria, egindako mugaz gaindiko diagnostikoaren lanketa nabarmendu zuten, baita enpresendako autodiagnostiko tresna baten garapena ere. Tresna horrek enpresa bakoitzaren abiapuntua identifikatzeko eta bi ardatzen inguruan hobekuntza-ibilbideak definitzeko aukera emango du: digitalizazioa eta jasangarritasuna.
Kezkak eta lekukotza
Jardunaldian datuen kudeaketa erronka nagusietako bat dela azaleratu zen: enpresa askok informazioa dute, baina zenbaitetan bikoiztuta, sistema desberdinetan sakabanatuta edo balio-katearen aurreko faseei dagokienez osatu gabe egoten da.
Elkarreragingarritasunarekin, informazioaren konfidentzialtasunarekin edo bezeroek, hornitzaileek zein lehiakideek datu jakin batzuetara izan dezaketen sarbidearekin lotutako zalantzak azaldu ziren jardunaldian. Hala ere, enpresetako ordezkariei azaldu zieten informazio guztia ez dela profil guztiendako eskuragarri egongo, eta funtsezkoa izango dela zer informazio partekatzen den, norekin eta zer baldintzatan ondo definitzea.
Jardunaldian Harivenasak bere esperientziaren berri eman zuen, Etxarrengo enpresa EDIT proiektuko bazkidea baita, eta proiektu pilotuan parte hartzen ari den enpresetako bat ere. Bere ekarpenak lasaitasun mezua helarazi zien jardunaldian izan ziren enpresetako ordezkariei. Adierazi zietenez, PPDrekin lanean hasteko ez da beharrezkoa ezagutza tekniko aurreratutik abiatzea. Harivenasako kideek azpimarratu zutenez, gakoa aurrea hartzea eta pausoz pauso aurrera egitea da, bereziki eragile espezializatuen laguntza dagoenean.
Prozesua
Jardunaldian aholkularitza-talde batek enpresa parte-hartzaileekin egingo den lan-prozesua azaldu zuen. Hasteko, auto diagnosia, enpresa bakoitzarentzako ibilbide-orri pertsonalizatu bat definitzea, digitalizazioan, jasangarritasunean eta etorkizuneko Produktuaren Pasaporte Digitalerako prestaketan aurrera egiteko neurriak lehenetsiz.
Jardunaldian azaldu zutenez, enpresa askok dagoeneko badute beharrezkoa izan daitekeen informazioaren zati handi bat: ziurtagiriak, kudeaketa-sistemak, tresna digitalak, kalkulu orriak, materialen trazabilitatea edo hornitzaileen datuak. Erronka, beraz, ez da beti hutsetik hastea, baizik eta informazio hori hobeto ordenatzea, konektatzea eta aprobetxatzea.