Mendia

276 mendizale daude izena emanda Hiru Mendi Zerrak mendi martxan

Guaixe 2026ko maiatzaren 15a

2025eko Hiru Mendi Zerrak. ARTXIBOA

Maiatzaren 16an, larunbata, Altsasuko Iortia plazatik abiatuko dira mendizaleak; Altsasuko Mendigoizaleak taldeak antolatutako proba ez lehiakorrak iazko ibilbidea izango du, aldaketa txiki batzuekin.

Guztira 276 mendizalek eman dute izena Hiru Mendi Zerrak martxan. Gehienek, 160k, ibilbide luzea hautatu dute, eta gainontzeko 116k ibilbide laburra. Mendizale guztiak maiatzaren 16an, larunbata, 7:00etan abiatuko dira Altsasuko Iortia zabalgunetik. Urdiainera jo, eta Santa Marinan aurrera eginez, Hiru Haitz, Baiza, Lizarragako eta San Adrianera iritsiko dira. Ibilaldi Luzekoak Etxarriko portutik Bakaikura jaitsiko dira, eta Izkibiletik Bernoa eta Intxusburu lotuko dituzte, Sorozarretatik (bertan dago bigarren hornidura gunea) Altsasuko helmugara iristeko, Iortia plazara. Ibilbide Motza Hiru Haitzetara helduko da, Bakaikura jaitsi, eta Izkibiletik Sarabeko haitzara heldu eta Urdiaingo igerilekuetatik joko du Altsasura.

Iazko ibilbideak izan zuen arrakasta ikusita, aurtengo XVII. Hiru Mendi Zerrak mendi martxak ibilbide bera izango du aurten. Hala azaldu du Altsasuko Mendigoizaleak taldeko Jesus Guineak. “Iazkoa da, baina zertxobait laburtu dugu. Ibilbide luzekoak Lizarragako San Adrian baseliza ingurura helduko dira eta Etxarri Aranazko portutik jaitsiko dira Bakaikura; ez dira, iaz bezala, Lizarragako porturaino igoko. Ibilbide motzekoak Bakaikuko portutik jaitsiko dira Bakaikura”. Bertan izango da lehen hornidura gunea.