Igandean mendi lasterketen urrezko hitzordua hartu zuten Zegamak, Aizkorrik eta inguruko baso eta mendiek. Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren 25. urteurrena ospatu zen, eta lasterketako txokoak txiki geratu ziren hartu zituzten milaka zaleendako. Tartean, sakandar asko hurbildu ziren Sancti Spiritira, Aizkorrira eta lasterketa iragan zen txokoetara.
Ostiralean XII. Zegama Aizkorri Km Bertikala jokatu zen. 250 korrikalarik hartu zuten parte, eta eguraldi kaxkarra izan zuten aurrez aurre: euria, haizea eta lokatz handia. Antolakuntzak ibilbidea laburtu behar izan zuen, elurrarengatik. Proba ez zen Irauleko gailurreraino igo; helmuga Itzubiagako txabolan kokatu zuten. Guztira 5 km eta 760 m desnibel + izan zuten aurretik. Stian Angermund (32:47) eta Nienke Brinkam (38:21) gailendu ziren proban bi sakandar sailkatu ziren. Aitor Martiarena irurtzundarra 73. sailkatu zen (42:09) eta Oihan Artieda etxarriarra 160. izan zen (50:18).
XXVI. Zegama Aizkorri mendi maratoiarekin batera, XV. Zegama Aizkorri Junior Trail jokatu zen, 10,4 km eta 505 metroko desnibela duen proba. Irabazleak Gerard Lopez (44:44) eta Nuria Calzada (57:45) izan ziren. Guztira 92 korrikalari sailkatu ziren, eta Jon Orella etxarriarra 51. sailkatu zen (59:48).