Desgaitasun fisikoa duten pertsona talde batek Sakana, Plazaola eta Ultzamaldeko turismo baliabide batzuk bisitatu zituzten maiatzaren 14an. Horrela, lurraldea haiendako benetan irisgarria den bertatik bertara probatu zuten. Hau da, jadanik egokitua dagoena eta oraindik egokitu behar dena zintzotasunez probatu eta baloratu behar izan zuten. Parte hartzaileen artean Desgaitasun Fisikoa eta Organikoa duten Pertsonen Espainiako Konfederazioa Nafarroako kideak eta turismo irisgarrian espezializatutako Enrique Bernabeu influencerra zeuden.
Bisitariek Plazaolako bide berdean zehar egokitutako bizikleta batekin ibili ziren. Mendukiloko kobazuloan, Beigorriko Abentura Parkean eta Aralarko santutegian dauden laguntza neurriak probatu eta produktuak aurkeztuko zizkieten. Gainera, Orgiko hariztia, Urbasako Morterutxoko senda, Etxarri Aranazko haritz zaharren ibilbidea, Altsasu eta beste ezagutzeko aukera izan zuten bisitariek. Batetik bestera egokitutako ibilgailu batean eraman zituzten.
Jardunaldia despeditzeko, Arbizuko Olatzea landa hotelean turismo helburuen irisgarritasunari buruzko eztabaida izan zen. Pertsona talde horretaz aparte, plana bulkatzen ari diren Cederna Garalur elkarteko ordezkariak egon ziren.
Europar Batasuneko funtsek finantzatutako Turismoko Irisgarritasun Planaren parte da proiektua, Sakana, Plazaola eta Ultzamaldea Nafarroako turismo inklusiboaren erreferente bihurtzeko helburuarekin.