Idoia Torrente

"Falta da inklusioa kontzeptu izatetik errealitate izatera pasatzea"

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko maiatzaren 27a

Biak Batek eta Anfasek elkarrekin egindako jarduera bat. UTZITAKOA

Biak Bat elkarteak, bere 15. urteurrena zela eta, animaliek lagundutako esku hartzeak eta haurtzaroari buruzko 'Lau zango, milaka irri' jardunaldia antolatu zuen. Jardunaldiaren barruan Biak Batek eta Anfasek Sakanako Inklusiorako Sarearen aurkeztu zuten maiatzaren 21ean. 

Desgaitasuna eta behar bereziak dituzten pertsonak gizartean beste edozeinen moduan parte har dezan errazteko helburuz sortu dute sarea. Idoia Torrente Armentia Sakanako Anfaseko arduraduna da. 


Josune Azpiroz Imaz (Biak Bat) eta Idoia Torrente Armentia (Anfas).

Sakanako Inklusio Sarea, zer da? 
Oraintxe bertan sortzen ari den ideia bat da. Desgaitasuna duten pertsonen, buru osasunaren eta abarren inguruan behar bat ikusi genuen Biak Bat eta Anfaseko kideek: inklusioa lantzeko beharra. Duela urte pare bat, gutxi gorabehera, ideia horri forma ematen hasi ginen.  

Anfas zergatik sartu da sare horretan?
Askotan ikusten dugu desgaitasuna daukaten pertsonak gure herrietan, kalean, daudela ikusten dugu. Baina inklusiorako zenbait pausu falta dira oraindik. Askotan kolektibo horrendako zerbitzu zehatzak sortzen ditugu, aisialdi zehatzak. Baina hor, benetan, ez dugu inklusio oso bat ikusten, non pertsona horiek komunitatean parte hartzen duten erabat. Sarea sortu da behar horri erantzuteko. Ikusten dugu pertsonek, familiek, interesa izan dezaketela talde honetan antolatzeko, haien beharrak, interesak plazaratzeko. Beharrezkoa ikusten dugu, gainera, inklusioaren esparru horrek ere talde gehiago hartzea. Sakanan ideia hori erdigunean jartzeko, Sakanako Mankomunitatearekin eta zenbait udal eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuekin hitz egin dugu.

Inklusioa gora, inklusioa behera gabiltza. Baina, zer da inklusioa? 
Inklusioa da edozein pertsonak parte hartu ahal izatea bere komunitatean, bere herrian, edonork egingo lukeen moduan. Bakoitzak dituen berezitasunekin, dituen behar eta interesekin. Egunerokotasunean herriko dendetan, herriko aisialdian parte hartu ahal izatea. Eta, zentzu horretan, eroso egotea eta beharrezkoa dituzten baldintzak eta premiak aseak egotea.

Sarean helburu horrekin ariko zarete?
Bai. Hasierarako hainbat helburu ezarri ditugu. Helburu horiekin arituko gara lanean sarean. Alde batetik Biak Baten aisialdi zerbitzua daukagu. Beste aldetik, familia eta pertsona horien beharrak zeintzuk diren jakiteko galdetegi bat prestatzen gabiltza. Entitateen arteko koordinazio lanean ere ari gara. Horretaz aparte, Sakanako baliabideen mapa sortu dugu. Haren bidez, ibarrean zer daukagun ikus dezakegu. Zer indargune ditugun jakiteko eta zer puntu falta zaizkigun baloratzeko.

Sareak ateak zabalik ditu?
Bai. Orain arte Biak Bat elkartea eta Anfas, talde motor gisa, lehen pausuak ematen aritu gara. Baina egin genuen aurkezpena bada beste entitate, zerbitzu, pertsona edo familiendako gonbidapena. Gure helburua da sarea egonkortzea, handitzea, etorkizunean osotasun bati erantzuteko. Hasieran Biak Bat elkartea eta Anfas hasi gara, baina Mila Kolore elkartearekin koordinatu gara.

Behin sarea zabalduta, pausoak ematen hastera?
Hori da. Behin sarea zabalduta, orain arte egin dugun lan hori plazaratuko dugu. Batez ere desgaitasunaren inguruan eta errealitate horren inguruko sentsibilizazioa egitea. Eta, pitteka-pitteka, pausoak ematea kolektibo horien bizi kalitatea hobetzeko, komunitatean irisgarritasuna izateko. Eta, pixkanaka, pertsona, familia eta entitateen behar eta interesen arabera, gure etorkizuneko helburua eraikitzen joatea.

Sentsibilizazioa, irisgarritasuna eta komunitateko parte izatea. 
Horiek oinarriak lirateke, eta hortik abiatuko lirateke gainerako helburuak edo ekintzak.

Inklusioa gizartean ezaguna den balio bat da?
Kontzeptua ezaguna da. Geroz eta gehiago hitz egiten da inklusioaz, eta azken urteetan aurrerapauso handiak eman dira. Baina, oraindik, falta da inklusioa kontzeptu izatetik errealitate izatera pasatzea.

Sareak pausoak eman eta adibideak ikustean, errazago izanen da?
Bai. Zeren gure egunerokotasunean ikusten ditugunean horrelako adibideak, modu errazagoan ulertu dezakegu zer den inklusioa. Azkenean, esan bezala, ez delako ekintza bereziak egitea kolektibo jakin batzuendako edo desgaitasuna duten pertsonetako, baizik eta pertsona horiek jada dauden eta horietan parte hartu ahal izatea.

Eta nola lagundu dezakegu sakandarrek?
Batez ere, pertsona eta familia guztien errealitatea ezagutzeko, entzuteko, interesa izanik.

Sare horren barruan, zuen burua non ikusten duzue?
Espero dugu lanean jarraitzea eta aurrerapenak egitea. Biak Bat eta Anfasek bertan lanean jarraitzea, baina oraindik ere jende gehiagorekin eta zerbitzu gehiagorekin. Eta, batez ere, erdigunean kokatuz pertsonek eta familiek nahi dutena.