Maiatzaren 8tik 10era Espainiako Unibertsitateen Arteko Taekwondo Txapelketak jokatu ziren Granadan. Bargagain-Lezkairu klubeko Irati Irigoienek Mondragon Unibertsitatearekin hartu zuen parte eta Lucia Rodriguez Roman Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin lehiatu zen. Lehenak urrea eta bigarrenak brontzea ekarri dute Sakanara.
Zein kategoriatan lehiatu zineten?
IRATI. 16-17 urtetatik aurrera senior mailan sartzen gara. Aurretik junior maila dago, eta tartean 21 urtez azpikoa. Urteak daramatzagu senior.
LUCIA. Bakoitzak bere unibertsitatea ordezkatu zuen, eta bakoitza bere pisuan aritu zen.
I. Txapelketa berezia da, unibertsitarioak garenak goazelako. Batzuetan badago ezagutzen ez duzun jendea, eta oso ona dena. Nahasketa berezia da.
Unibertsitate ezberdinetakoak zaretenez, Granadan ez zineten elkarrekin egongo.
I. Bidaia bakoitzak gure alde egin genuen. NUP-ekoak autobusean joan ziren elkarrekin eta ni Gerardo Montero irakaslearekin joan nintzen hegazkinez, baina gero txapelketan nafar guztiak denak batera egon ginen, kideak baikara.
Irati Irigoien: "Aurten nire lehen txapelketa izan da; ez nuen halako emaitza espero"
Irati, zein kategorian zaude?
I. Aurten -73 kiloko txapelketan parte hartu dut. Lehenengo aldia da pisu honetan. Zegoen partaidetzarengatik, zuzenean finalerdietara pasatu nintzen. Lehen konbatea NUP-eko Maialen Carvalho betiko kide eta lagunaren kontra izan nuen. Lehenengo asaltoan 3-2 eta bigarrenean 10-2, halako zerbait geratu ginen. Finala Kanariar Uharteetako Laura Diezen kontra jokatu nuen. Ez nuen ezagutzen.
Hori hobea da edo okerragoa?
L. Hobea!
I. Ez ezagutzean mentalki hobeto egiten duzula uste dut. Presio gutxiagorekin ateratzen zara. Finalean justu-justu egon ginen, 0-1 eta 0-0, baina irabaztea lortu nuen.
Urrea lortzea espero zenuen? Palmares ona duzu, dituzun dominen kontua eramaten duzu?
I. Espainiakoan zilarrezko bat eta lau brontze ditut, eta Unibertsitario batean brontze bat lortu nuen aurretik. Baina beste dominak ez dakit zenbat diren. Aurten ez dut ezer konpetitu, Granadakoa lehena izan da. Iaz Aguraingo Taekwondo kluba eramaten egon nintzen, irakasle, eta ez naiz kirolean hain zentratuta egon. Baina gustura aritzen naiz entrenatzen, txapelketetan zentratu gabe. Unibertsitatetik galdetu zidatenean ea parte hartu nahi nuen, animatu nintzen, baina ez nuen espero halako emaitza lortzea.
Lucia, zuk brontzea ekarri duzu Granadatik. Zein kategoriatan?
L. Ni -46 kiloko pisuan lehiatu nintzen, baina ez naiz oso pozik geratu, ez nintzelako ongi lehiatu. Domina bat badut, baina txapelketarekin...
Zer pena sentsazio horrekin geratzea.
L. Txapelketa batzuetan ongi, beste batzuetan ez horren ongi... hau hala izaten da. Lehendabiziko konbatean Cordobako Claudia Lacorten kontra jokatu nuen. Ez nuen ezagutzen. Lehenengo asaltoa ongi joan zen, uste dut 15-3 irabazi niola. Bigarrena berak irabazi zidan, eta hirugarrena nik irabazi nuen, alde handiarekin. Ongi.
I. Tentsio handiko konbatea izan zuen Luciak.
L. Gaizki pasatu nuen.
I. Hortxe-hortxe egon zen, kanpotik sufritu egin genuen.
L. Bigarren konbatea txapeldunarekin, Sevillako Unibertsitatean ikasten duen Ana Jimenez galiziarrarekin izan nuen, eta hori gaizki joan zitzaidan.
Zer gertatu zitzaizun?
L. Pisu jaitsiera handia izan nuen, eta horrek txapelketan eragin zidan.
I. Jaitsiera handia dagoenean, gero ez baduzu ongi errekuperatzen, nekatuta sentitzen zara.
Lucia Rodriguez: "Espainiako Txapelketaren ondoren, Sarajevokoa prestatzen ari naiz"
Hurrengoan, hobeki.
I. Lucia oso zentratuta dabil orain. Astean sei egunez entrenatzen da.
L. Taekwondoan ongi pasatzen dut, asko motibatzen nau, beste eremu batzuetan ere bai. Taekwondoan oso zentratuta egotean, gero ikasketetan ere zentratuta egoten eragiten dit. Nire bizitzan ordena bat ekartzen du.
Azkenaldian hasi zara gehiago nabarmentzen.
L. Duela urte batzuk hasi nintzen lehiatzen, baina emaitzak orain ikusten ari dira.
Granadan ongi pasatu zenuten?
I. Granadako gaua ezagutu genuen eta ongi pasatu genuen. Txapelketa polita da, eta Granadan izateak bizi eta xarma pixka bat ematen dio.
L. Biondako esperientzia ona izan da.
Lucia, zer moduz joan da taekwondo denboraldia?
L. Ondo. Maiatzaren 22tik 24ra Espainiako 21 urtez azpikoa jokatu nuen Ciudad Realen; Marwan Essobai eta biok joan ginen. Eta ekainaren 18tik 20ra Sarajevon jokatuko den Europarrean klubetik sei kide joango gara. Senior mailan Mohammed Essobai, Leire Etxaniz, Naya Alvarez eta ni neu, eta kadete mailan Irea Etxaniz eta Sofia Cotovan. Oso gogotsu gaude.
Lucia aurten Nafarroako 21 urtez azpiko txapelduna izan zara. Irati, nola ikusten duzu Lucia?
I. Gerardo Montero irakasleak beti esaten digu gure urterik hoberenak unibertsitate urteak direla, gure une fisiko onenean gaudela, baina arrisku handia dagoela askok kirola justu adin horietan uzten dutelako. Gure momentua esplotatzeko unea dela, emaitza onak lortzen baditugu Unibertsitaterako bekak edo laguntzak lor ditzakegulako. Beraz, orain da momentua, eta ez uzteko esaten digu.
Nesken kasua izaten da bereziki?
I. Uste dut nesketan tendentzia handiago dagoela kirola lehenago uztera, agian erreferente faltagatik, beste gauza batzuei lehentasuna emateagatik... baina egia da taekwondoan berdintasun handia dagoela, eta hor zortea daukagu.
Nolakoa da Gerardo Montero irakasle gisa?
I. Sekulako zortea dugu Gerardo irakasle dugulako. Urte asko daramatzagu berarekin, eta bera entrenatzaile izateak taekwondora gehien lotu gaituena da. Esaterako, Sarajevo bezalako txapelketetara joatera animatzen gaitu... asko inplikatzen da.
Altsasuko udaletxeko obrak direla eta, Lavadero utzi eta Zelandin ari zarete entrenatzen.
I. Uste genuen okerrago egon behar ginela, baina tatami berriarekin ongi gaude. Guztia muntatu eta desmuntatu behar dugu, baina ongi gaude.