Sakanako ezkil joleek parte hartu zuten.
1. Zer gertatu zen maiatzaren16an Iharbatik Ziordiraino?
Kanpai dorreen kate bat egin genuen. Lehenengo jotzea Ihabarren izan zen, bigarrenak erantzun zion... Ideia zen Murginduetan ere jotzea eta horrelako moldaketa bat egin nuen kotxearekin, baina bestela kanpai dorretik kanpai dorrera erantzuten joan ziren. Soinu transmisio bat izan zen, erdi aroko medio bat erabiliz. Oso azkarra izan zen.
2. Nola sortu zen ideia?
Valentzian lagun batzuk egin zuten proiektu baten bidez kanpai joleen istorioa erlijiotik haratago ezagutu nuen eta gaiarekin liluratuta gelditu nintzen. Honekin lotuta duela urte asko entzun nuen istorio bat, inoiz kontrastatu ezin izan dudana, esaten duena Avignongo Aita Santua hil zenean albistea iritsi zela bat-batean Parisera kanpai joleen bitartez. Inoiz ez dut kontrastatu, baina ipuinak, txutxumutxuak eta horrelakoak ere gustatzen zaizkit. Hortik sortu zen transmisio azkarra egiteko ideia. Fabula hori kopiatu nahi nuen.
3. Arte proiektu baten barruan dago. Ezkilak arte ulertuta?
Saiatzen naiz arte garaikidea artea kontsideratzen ez diren gaietatik latzen. Artearen elitismoaren kontrako borroka pertsonala daukat. Arte garaikidea egiten dut herriarekin eta jendearen gertutasunetik. Kalitatea galdu gabe jende guztiarendako izatea. Gai hau jendearendako interesgarria da.
4. Programa baten barruan dago, ezta?
Daniel y Nina Carasso fundazioan dirulaguntza eskatu nuen; beraien premisa zen artea egitea baina ez izatea bakarrik kritikatzea nola dauden gauzak, baizik eta etorkizunari begira baikortasun puntu bat ematea. Nire kasuan polita iruditzen zitzaidan komunitatea sortzea koordinazio horren bitartez; herrien artean komunitatea sortu. Herri txikiagoetara iritsi, kultura eta arte zirkuituetatik kanpo gelditzen diren horiek. Balorean jarri toki hauek eta herrien artean komunitatea sortu soinu kate baten bidez.
5. Zergatik Sakana?
Nire amona Altsasukoa da. Ni Iruñekoa naiz. Zerbait ezagutzen nuen, eta orain gehiago ezagutu dut. Ikerketa lanak bi atal zituen, lehenengoa elkarrizketak egia eta jendeari kanpaien inguruko istorioei buruz galdetzea, eta beste alde batetik ekimena aurrera eramateko toki bat bilatzea. Valentzian, Teruelen, Katalunian eta Nafarroan egon naiz. Nafarroako Kanpaizaleen Elkartearekin harremanetan jarri nintzen eta Joaquin Corcuerarekin hitz egin nuen, asko lagundu dit eta berak Sakana proposatu zidan. Hasieran kate luzeagoa egin nahi nuen, bana Sakanan egiteko esan zidan baliabideak ematen zirela: jendea asko dabil ezkilak jotzen eta orografiagatik.
6. Zenbat kanpai jolek parte hartu zuten?
Ez dakit zehazki zenbat pertsona. Hamalau kanpai dorre izan dira, eta bakoitzean bi edo hiru pertsona egon zitekeen.
7. Nola hartu zuten ideia?
Egia esan, oso ongi. Ezkilak maite duten jendea da, eta polita iruditu zitzaien kanpaiak lotzea eta balorean jartzea. Hasieratik prest egon dira eta asko lagundu didate. Pozik gelditu ziren.
8. Harrera hori espero zenuen?
Ez nekien oso ongi nola hartuko zuten. Imajinatzen nuen batzuei gustatuko zitzaiela, baina ez nekien. Oso pozik gelditu naiz. Gero batzuk hamaiketakoa hartzera joan ginen eta giro oso polita sortu zen eta jendea oso pozik zegoen. Batzuk elkar ezagutu zuten; polita izan zen komunitatea sortzea.
9. Zertan datza proiektua?
Urte bat daramat herrietatik bidaiatzen eta jendea grabatzen eta bideo horiek zine transhumante deitutako ekimen batean ematen ditut: herrietara joaten naiz eta tabernetan edo plazan jartzen dut, horrek ere solasaldiak sortzen ditu.
10. Zein da helburua?
Asko daude. Kanpai zaleen komunitatea sortzea, ezkila jotzea balorean jarri eta gaur egun komunikazioaren teknologiekin dugun harremanaren inguruan pentsatzea. Kolektiboan pentsatzea.
11. Orain zer?
Hilaren 29an eta 30ean Madrilen amaituko dut zine transumantearen ideiarekin. Bertan kartoi eta maindireen artean bideoak emango ditut, baita Sakanan egindako ere. Bertsio finala izango da. Gainera, kazerolada bat egingo dugu ekaitzak izutzeko melodia egingo dugu. Kanpai dorreetan egiten zen hori herrira jaitsiko dut.