Ratioak Jaitsi 0-18 taldeak, 0-3 Plataformak, Publikoaren Alde taldeak eta Sortzen federazioak Nafarroako Hezkuntza Publikoan, etapa guztietan, ratioak jaisteko herri ekimen legegilea aurkeztu dute. Adierazi dutenez, gela bakoitzean ikasle kopurua txikiagoa izatea "ezinbestekoa da haur eta nerabeei arreta hobea bermatzeko". Aldi berean, "ikasgeletako masifikazioagatik kezka" azaleratu dute.
Legea egiteko, Europako Batzordearen Haurren Arretarako Sarearen gomendioetan oinarritu dira. "Baina, gurera ekarrita, Lanbide Heziketako edo landa eremuko eskolen errealitateari ere erreparatu diogu". Legea Hezkuntzako etapa guztietan aplikatzea eskatzen du herri ekimen legegileak. Baita legean jasotakoa "lehentasunez betetzea" ere. Hau da, "ezarritako ratioak beteko dira edozein direla ere aldian aldiko gobernuaren irizpide politikoak".
Herri ekimen legegilea sustatu duten lau erakundeetako ordezkariek nabarmendu dutenez, "Hezkuntza publikoan inbertitzea lehenetsi behar da; izan ere, aukera berdintasuna bermatuko duen hezkuntza sistema bakarra da, ikaslearen egoera sozioekonomikoa edo soziolinguistikoa edozein delarik ere".
Sinadurak biltzeko agiriak Nafarroako sare publikoko ikastetxe guztietara bidali dituzte. Baina sinadura bilketan lagundu nahi duenak publikoarenaldeporlapublica@gmail.com helbidera idatz dezake, izen-abizenak eta telefonoa emanez. Ekimenaren sustatzaileek Hezkuntza komunitate osoari bertan parte hartzera deitu diote.