Emakumeendako Zumaiarako irteera antolatu dute Mank-eko lau zerbitzuk

Guaixe 2026ko maiatzaren 26a

Bi emakumezko Unanun. ARTXIBOA

Ekainaren 6an, larunbata, Emakumeak Kirolean Lagun topaketen ikasturte Emakumeak Kirolean Lagun topaketen ikasturte akabera ospatuko dute Zumaian. Hurrengo kurtsoan programak segida izanen du. Maiatzaren 27ra arte eman daiteke izena. 

 

Sakanako Mankomunitateko Anitzartean, Berdintasuna, Euskara eta Kirol zerbitzuek Emakumeak Kirolean Lagun programa martxan dute. Haren helburuak dira: emakumeak elkar ezagutzea; ariketa osasuntsuak eginez elkar zaintzea; euskarara hurbiltzea eta, pixkanaka, ezagutzea; hainbat kultura ezagutzea eta, elkar zainduz, egun politak pasatzea elkarren ondoan.

Parte hartzen duten emakumeen aldetik Mank-eko zerbitzuek hainbat proposamen jasotzen dituzte: yoga hormonala, dantza integrala eta emakumeen Chi Kung-a, kostara joatea... Eta ia-ia hiru hilabetetik behin ekimenen bat antolatzen dute. Larunbat edo igande goizetan izaten da eta parte hartzaileendako garraioa eta zaintza zerbitzua jartzen dira. Baita auzate osasuntsua ere. Erantzuna "ederra" dela azaldu dute Mank-etik.

Ikasturtea despeditzeko Zumaiara txangoa antolatu dute, ekainaren 6an. 09:00etan abiatuko dira. Zumaian euskararen enigmak ezagutzeko bisita gidatua izanen dute lehenik. Hondartzan bazkalduko dute, ondoren, han bertan, yoga edo jolasak izanen dira. Etxerako bidea 17:00etan hartuko dute. Edozein emakumezkok eman dezakete izena, baina lehentasuna programan parte hartu dutenek izanen dute. Plazak mugatuak dira, gaindituko balira zozketa bidez banatuko lituzkete. Zumaian ez da zaintza zerbitzurik izanen. Horrela despedituko du programak ikasturtea.

Maiatzaren 27ra arte eman daiteke izena: 648 07 07 10 edo 948 46 48 40 telefonoetara hots egin edo anitzartean@sakana-mank.eus edo euskara2@sakana-mank.eus e-postetara idatzi.