Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) bere eguna ospatu zuen Otxandion larunbatean, maiatzak 16. UEMAren batzar nagusiak Elgorriagako Udala erakundeko kide izatea onartu zuen. Beraz, gaur egun UEMA 121 udalek osatzen dute, haietako bost Sakanakoak dira: Arruazu, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Bakaiku eta Urdiain. Guztien artean 355.500 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute.
UEMAk bere batzarra baliatu zuen udalez gaindiko erakundeei haien esku dauden neurriak har ditzaten. "Larritasun egoerari aurre egiteko eta arnasguneei eusteko ezinbestekoak diren" hamar neurri dira, "administrazio publikoek udalerri euskaldunetan epe motzean hartzeko modukoak". Neurri horiek hartzea ezinbestekotzat jo dute UEMAko kideek arnasguneei eusteko, “eta oso pauso garrantzitsua delako Euskal Herri osoa euskalduntzen joateko, gune horiek motore eta eredu ere izan beharko liratekeelako gainerako eremuendako”.
Bestetik, UEMAko kideek Kontseiluak Iruñean deitutako Euskaltzaleon Martxarekin bat egiteko deia egin zuten: “euskaraz bizitzeko behar dena sortzen ari gara, azken batean. Eta horixe aldarrikatuko dugu garagarrilaren 13an ere, Iruñean, Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako Euskaltzaleon Martxan".
Eskatutako premiazko 10 neurriak
1. Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta foru aldundiek udalerri euskaldunetan ematen dituzten zerbitzu publiko guztiak euskaraz eskaintzen direla bermatzea.
2. Udalerri euskaldunetan hizkuntza paisaia euskaraz izateko betebeharra ezartzea.
3. Udalerri euskaldunetan garatu beharreko planek, proiektuek eta askotariko egitasmoek euskarari eragin kaltegarririk ez sortzeko neurriak hartzea.
4. Ostalaritzan langileak euskalduntzeko liberazio dinamika martxan jartzea.
5. Euskalduntze-alfabetatze ratioak jaistea eta doakotasuna bermatzea maila guztietan.
6. Helduen hezkuntzan euskara ardatz gisa ezartzea, herritar etorri berrientzako murgiltze-neurrietan.
7. Haur eta gazte etorri berriak euskalduntzeko murgiltze ereduak abiatzea.
8. Udalerri euskaldunetako haur eta gaztetxoen euskararen erabilera babesteko neurriak hartzea, haien
ikasketa-ibilbide osoan zehar.
9. Familia zaurgarrietako haurrak euskarazko aisialdian txertatzeko neurriak hartzea.
10. Udal langile guztiak euskaldunak izan daitezen eta udalen euskarazko funtzionamendua bermatu dadin neurri juridikoak hartzea.