Maiatzaren 14an 56. Nafarroako Herrien Arteko Pilota Txapelketa aurkeztu zuten Nafarroako Kirolen Etxean. Guztira Nafarroako 19 herrik parte hartuko dute, iaz baino bi gehiagok, eta bi modalitateetan jokatuko da: Herrien Arteko Pilota Txapelketa Txikia (benjaminak, kimuak eta infantilak) eta Herrien Arteko Pilota Txapelketa absolutua (kadeteak, juniorrak eta seniorrak). Guztira 487 pilotari lehiatuko dira pilotaren oinarrizko kategorietan erreferentea den txapelketan.
Tartean hiru herri sakandar daude: Altsasu, Arbizu eta Irurtzun. Altsasu Herrien Artekora itzuli da, azken urteetan ez baita aritu. 1970. urtean Herrien Arteko txapelketa hasi zenean lehen jardunaldi horretako txapelduna izan zen Altsasu, eta itzulera berri pozgarria da. Arbizuk maila ona eman nahi du, eta Irurtzunek, egungo Herrien Arteko txapeldunak, koroari eutsi nahi dio.
Haiekin batera ondoko herriak ariko dira: Agoitz, Atarrabia, Barañain, Baztan, Bera, Betelu, Oltzako Zendea, Doneztebe, Lizarra, Esteribar, Goizueta, Larraun, Leitza, Lesaka, Tafalla eta Ultzama.
Herrien Arteko Pilota Txapelketa Txikian hiru multzo daude. Altsasuk A multzoan jokatuko du, Arbizuk B multzoan eta Irurtzunek C multzoan. Herrien Arteko Pilota Txapelketa Absolutuan ez da ordezkari sakandarrik izango. Beraz, Irurtzunek ez du iazko txapela defendatuko, maila absolutuan Irurtzunen errolda duten pilotari nahikotxo ez dituelako.
Txapelketa maiatzaren 23an hasiko da eta zazpi jardunaldi jokatuko dira. Final handiak uztailaren 4an erabakiko dira, sanferminen bezperetan, Labrit pilotalekuan. Guztira 189 partida jokatuko dira txapelketan.