Abizenak euskarazko grafiaz jartzeko deia

Guaixe 2026ko maiatzaren 22a

Urdindarrak Elizazpi kalean. ARTXIBOA

UEMAko kide diren udalek eta Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak pausoa emateko gonbidapena egin dute. 

Berastegui, Irazoqui, Lacunza, Arregui, Goicoechea, Garciandia, Ochandorena, Razquin... Asko dira oraindik erdarazko grafiaz idazten diren euskarazko abizenak. 'Abizena ere euskaraz' kanpainarekin, herritarrek abizenak era ofizialean euskaraz jartzea sustatu nahi dute UEMAko kide diren Arruazu, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Bakaiku eta Urdiaingo udalek. Eta, bereziki, dei egin diete guraso izateko bidean direnei edota 18 urtetik beherako seme-alabak dituztenei. Izan ere, helduek abizenak euskal grafiarekin jartzeko tramitea eginez gero, seme-alabei automatikoki abizena behar bezala erregistratua geldituko zaie.

Aurretik ere egin izan dira abizenak euskalduntzeko kanpainak, UEMAren eta tokian tokiko udalen eta euskara elkarteen ekimenez. Kanpaina ez da berria, baina tarteka eginda ere, eta hainbat herritarrek abizenak euskaratzen dituzten arren, oraindik ere asko dira agiri ofizialetan eta gainerakoetan abizenak erdal grafiaz dituzten herritarrak, eta badira abizena erdal grafiaz idazteko ohitura duten herritarrak ere.

UEMAko kideek argi dute horren atzean "urte askoan euskarak jasandako jazarpena dago. Izan ere, euskara ez ezik, izenarekin batera izana ere ukatu zitzaien euskaldunei, eta abizenak erdal grafiarekin idaztera behartu zuten belaunaldi bat baino gehiago. Horrela heldu da abizen ugari belaunaldi berriengana, eta gaur egun ere euskal abizen asko erdal grafiaz ikusten da agiri ofizialetan". Horregatik, UEMAko kideendako, "euskarari dagokiona itzultzeko modua da euskal abizena behar bezala idaztea, euskaraz".

Behar diren agiriak
Euskal abizenak izanez gero, baina agiri ofizialetan erdal grafian idatzita badaude, Euskaltzaindiaren euskal deituren izendegia kontsulta dezakezu: labur.eus/euskaltzaindiadeiturak. Aldaketa erroldatutako udaletxeko Erregistro Zibilean edo Bake Epaitegian egin daiteke. Batean zein bestean, hiru dira aurkeztu beharreko agiriak. Batetik, Nortasun Agiriaren fotokopia. Bestetik, jaiotza ziurtagiria. Erregistratuta zauden herriko udaletxean edo epaitegian eskatu behar da. Online ere eska daiteke hemen: navarra.es/eu/tramiteak, Eta, azkenik, errolda agiria. Udalean bertan ala online ere eska daiteke.

Aldaketa egiteko lekuak

  • Arruazu: egunero 10:30-14:30, Uharte Arakilgo Udalean.
  • Lakuntza: egunero 08:00-14:00, udaletxean.
  • Arbizu: egunero 09:30-14:30, udaletxean.
  • Etxarri-Aranatz: egunero 09:00-14:00, udaletxean.
  • Bakaiku: egunero 11:00-14:00, udaletxean.
  • Urdain: astelehen, asteazken eta ostiraletan 09:00-14:00, eta astearte eta ostegunetan 12:00-14:00, udaletxean.