Anfaseko enpresa batzordeak (ELAk 5 ordezkari eta LABek 4), "lan baldintza duinen alde", langileak grebara deitu ditu maiatzaren 23an eta 27an. Lan hitzarmena berritzeko negoziazioa blokeatuta dagoelako eginen dituzte lanuzte horiek. Azaldu dutenez, 16 hilabete baino gehiago daramate negoziatzen, baina "zuzendaritzak aldebakarreko erabakiak aplikatzen jarraitzen du, eta ez du ezer planteatzen lan baldintza duinak bermatzeko".
Anfaseko langileek adierazi dutenez, "egungo lan baldintzak ezegonkortasuna eragiten ari dira plantillan, gero eta profesional gehiagok erabakitzen baitute beren lanpostuak uztea. Txandakatze handiaren ondorioz, arazoak dituzte talde egonkorrak egituratzeko". Gaineratu dutenez, "prekaritate horrek, langileei kalte egiteaz aparte, zuzenean eragiten die elkartearen funtzionamendu egokiari eta arretaren kalitateari". Langileek nabarmendu dutenez, "aitortua ez bada ere, zerbitzu publiko bat ematen dugu, eta urritasunaren hitzarmenetik oso urrun gaude".
Enpresak argudiatu du diru falta duela langileen lan baldintzak hobetzeko. Hala ere, ELAk gogorarazi du Anfasek 129.000 euroko irabaziak izan dituela 2025ean. "Lortutako onurek erabat desmuntatzen dute orain arte zuzendaritzak emakume langileok pairatzen dugun prekaritatea justifikatzeko erabilitako diskurtsoa", esan dute ELAko kideek. Horregatik, zuzendaritzari "jarrera aldatzeko eta langile guztien lan eta soldata baldintzak hobetzeko akordioa" eskatu dio.
Anfas
Adimen edota garapen-desgaitasuna duten pertsonen eta haien familien aldeko Nafarroako elkartea da.