Altsasu Institutuak errezeta liburuxka egin du

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko ekainaren 12a

Maider Sayas, Mikel Zelaia eta Eider Mazkiaran errezeta liburuxkekin. UTZITAKOA

Altsasuko Institutuak errezeta liburuxka egitean, ibarreko beste ikastetxe batzuen laguntza izan du

Institutuak Sakanako eta munduko errezeten liburuxka argitaratu berri du. Elkartasun Eskolak proiektuaren barruan sortu dute. Uxua Azpiroz Armendariz ikasketa buruak azaldu duenez, "proiektu horretan betidanik saiatu gara lokala eta globala lotzen. Guk hemen dugun jokabideak munduko beste tokietan eragin handia duela ere irakasten saiatzen gara". 

Azpirozek azaldu duenez, "errezeta liburuxka aurreko ikasturtean sortutako proiektua da. DBHko 4. mailako ikasleek Mirua kooperatibaren eskutik elikadura segurtasunari buruzko prestakuntza jaso zuten. Aldi berean, ikasle horiek beste ikasle batzuk trebatu zituzten". Azken horiek errezetak sortu behar zituzten, ohikoak edo asmatutakoak. "Baina baldintza zen produktu jasangarriak, bertakoak eta sasoikoak izatea". Sakanako baratzeetako produktuez aparte hainbat herrialdetako osagaiak dituen Arroza altxa mundua izeneko errezeta, ikastetxeko sukaldean sortu zuten ikasleek. Errezeta horren jatorria zein den azaltzen duen bideoa ere egin zuten. Liburuxkan dauden errezetako batzuk dira: Unanuko basurdez betetako piperrak; zzapi, Sakanako pizza, oinarria ibarreko patata duena... "Guztiak ez ditugu prestatu, baina batzuk bai, eta oso goxoak dira", azaldu du Azpirozek. Gaineratu duenez, "hasieratik bukaerara, prozesu guztian ikasleak izan dira protagonistak". 

Eta horretan ari zirela Sakanako beste ikastetxeak proiektuan parte hartzera gonbidatu zituzten. Uharte Arakil, Lakuntza, Arbizu, Iturmendi, Urdiain eta Olatzagutiko eskolak, Sagrado Corazon ikastetxea eta Andra Mari ikastolakoak animatu ziren. "Nahiko berandu proposatu genien, eta guztiek parte hartu ez izana ulertzekoa da. Hala ere, Sakanako ikastetxeen artean saretxo bat lortu dugulako oso pozik gaude, eta elkarrekin zerbait sortu dugulako. Oso eskertuta gaude, ahalegin handia izan delako". Ez du baztertu etorkizunean ere elkarlanean aritzea. 

Liburuxka argitaratzeko dirulaguntza jaso du ikastetxeak. Ibarreko ikasleen errezetak jasotzen dituzten liburuxkak Sakanako liburutegietan kontsulta daitezke. Gainera, ekimenean parte hartu duten ikastetxeek ale pare bana jaso dute. 

Azpirozek esan duenez, "asmoa da etorkizunean bertako produktuekin, ekoizleekin eta ikastetxeekin elkarlanean jarraitzea da". Sakanan ikasi, bizi eta lan. "Sakana egin", laburtu du.