Ikasleei euskarazko musika sortzaileen lana hurbiltzea eta euskarazko kultur prestakuntza eta transmisio proiektua izatea du helburu Nafarroako Gobernuaren Musikariak Ikastetxeetan programak. Hain zuzen, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarazko Departamentuak, Euskarabidea - Euskararen nafar Institutuaren bitartez, antolatu du egitasmoa, eta aurten 52 ikastetxetako 6.400 ikasle baino gehiagorengana iritsi da, Javier Arakama Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak Donezteben egindako programaren azken saioan azaldu zuen bezala. Sakanan Altsasuko eta Etxarri Aranazko ikastetxeetan izan dira musikariak; Altsasu BHI, Corazonistas eta Iñigo Aritza ikastola, eta Andra Mari ikastola, hurrenez hurren.
Musikariak Ikastetxeetan 2018an hasi zen. Hasieran Hezkuntza Departamentuaren baitakoa zen, baina 2023-2024 ikasturtetik Euskarabideak kudeatzen du. Ekimenak euskarazko kultur prestakuntza eta transmisiorako proiektua izatea du helburu, euskara Nafarroako berezko hizkuntzaren garrantzia azpimarratuz. Nafarroako DBHko hirugarren eta laugarren mailetan eta Batxilergoan A ereduko euskara irakasgaia dutenn eta euskaraz ikasten duten ikasleei bideratuta dago.
Musika sortzaileak eskola orduetan joaten dira ikasgeletara eta haien esperientzia eta lana aurkezten dizkiete ikasleei, bere ibilbidea euskal kantagintzaren barruan kokatuz. Ikasleek bertatik bertara adibide bat ezagutzen dute eta azken hamarkadetako euskarazko kultur panoramaren ezagutza globalagoa lortzen dute. Euskarabideatik zabaldu dutenez: "musika nerabeak eta gazteak erakartzeko ahalmena handia duen kultura adierazpena da", eta horregatik programa honen garrantzia azpimarratu dute.
Musikariak
52 ikastetxetan 191 saio egin dira, eta 31 artistak parte hartu dute. Besteak beste hauek aritu dira: Thierry Biscary, Eñaut Elorrieta, Mikel Markez, Paxkal Irigoyen, Maria Rivero Campo, Jon Basaguren, Ines Osinaga, Inun, Mice (Miren Narbaiza), Xabi San Sebastian, Iker Lauroba, Abereh (Erik Berganza), Ibai Osinaga, Zuriñe Hidalgo, Habia (emakumeak), Iñigito Txapelpunk, Antton Aranburu, Julen Goldarazena (Flako Fanki), Xabi Solano, La Basu (Elena Caballero), Esti Markez, Mikel Urdangarin, Aguxtin Alkhat, Ekiza (Jurgi Ekiza), Tristtan Mourguy, Pelax (Pelayo Perez), Rafa Rueda, Joseba Irazoki, Pantxit Bidart, Xatiro (Unai Unda) eta Odei Barroso.