Etxarri Aranatzen elkartu dira Nerea Balda irurtzundarra eta Castillo Suarez altsasuarra, GUAIXE IRRATIAn Eneida Carreño esatariarekin solasaldian aritzeko. Arrazoia Nafarroako VI. Liburu Azokak antolatu dituen Bi ahotsetara Literatura Topaketak liburutegi publikoetan izan da, izan ere, bikote literarioa osatu dute bi sakandarrek. Ekainaren 3an, asteazkena, 18:00etan, Leitzako liburutegian izanen dira, eta gaia Nola idatzi poemak eta narrazioak Instagramen garaian izanen da. Zikloaren barruan, egun eta ordu berean, Lakuntzako liburutegian, Mirande arazo ala gu? Jon Miranderi buruz hizketan ariko dira Irati Jimenez eta Mikel Soto.
"Gauza berria" dela esan du Suarezek; "lehen erdaraz egiten zen eta aurten solasaldi hauek euskaraz egiteko aukera eman digute". Haien burua boluntario aurkeztu zuten, eta Baldak gaineratu duenez, zerrenda bat zegoen "eta gehien ezagutzen nuena Castillo zen". Hitzaldia elkarrekin egitea proposatu zion, eta baiezkoa eman zion. "Halaxe atera zen".
Suarezek poesia idazten du eta Baldak narrazioa, eta Leitzan jorratuko dute gaia, beraz, Nola idatzi poemak eta narrazioak Instagramen garaian izanen da. Bi idazleek Instagrama ezagutzen dute? "Ezagutu, bai. Aspaldi. Lanerako ikastaro batean entzun nuen lehenengo aldiz. Kontu bat sortu nuen eta ez nuen ezer egin. Handik zenbait urtera sartu nintzen. Nerabeekin lan egiten dut eta egunerokotasunean daude". Azken finean, gaztetxoekin lan egiten "reel bat edo story bat" zer den ezagutu behar dute. "Gainera, askotan ingelesez esaten dira". Liburuak kaleratu izan dituztenean jakinarazteko erabili du Baldak irudien sare soziala, "eta tartean mantendu behar duzu ere, mugimendua egon behar du".
Suarezek literaturarekin lotutako blog bat zuen: Iparraldeko neska. "Hor jartzen nituen nire testuak eta beste batzuena ere. Sare sozialak post horiek zabaltzeko erabiltzen nituen". "Harrituta" dago zenbat jendek ikusten zituen. Berriaren baitan zegoen, eta blogak kentzean, Iparraldeko neska ere desagertu zen. Orain Substack deitutako plataforma bat deskubritu du: "Sare sozialak itsaso zabal bat dira, baina honetan idazle asko daude eta interesatzen zaizun idazlea jarrai dezakezu. Gomendatzen dut". Betikoa gertatzen dela gaineratu du: "Gauza hauek erdaraz daudela nagusiki". Helburua euskal komunitate bat sortzea litzateke.
Suarezek denbora asko darama idazten, eta Baldak azaldu duenez, "idazten hasi-hasi ez, baina argitaratzen" duela gutxi hasi zen. Anekdota bat kontatu du: "Gogoan dut Iruñeko Literatur Lehiaketa batean zuk lehenengo saria irabazi zenuela, Angel Errok bigarrena eta nik hirugarrena". Suarezek idazten jarraitu zuen eta "gorakada" izan zuen, eta Baldak, aldiz, "idazteari utzi nion; ez nuen hain serio hartu". Beranduago hasi zen argitaratzen.
Idazleak
"Sakanan sentitu naiz azken antxoa bezala", esan du Suarezek, "ez zetorrelako inor nire atzetik". Lehenengo liburua Etxarri Aranazko Leku Ona taberna zabaldu zutenean aurkeztu zuen, Bierrik Elkartearen eskutik (gaur egun, GUAIXE FUNDAZIOA), eta aitaponteko Juanjo Olasagarre izan zen; "baina Juanjo Olasagarre dagoeneko aitaponteko bat zen. Gero ez dut izan inor nire atzetik". Jon Arretxe Arbizura bizitzera etorri zen, "baina berak dagoeneko liburu asko zituen egina. Nik pentsatzen nuen: ez du inork idatziko? Ez da bertsolariren bat idazten hasiko?". Baldak erantzun dio agian bera bezala berandu hasiko den norbait agertuko dela.
"Nik uste dut gaia idaztea baino irakurtzea dela; nola irakurtzen den"
NEREA BALDA
Gaur egun Instagram bezala sare sozialetan istorio laburrak eta errazak ikusten dira; egoera horretan, zer leku dute liburuek? "Nik uste dut hor gaia idaztea baino irakurtzea dela. Garai hauetan nola irakurtzen den". Sareetan ikusten diren gauzak "azkarrak, motzak eta bisualak" dira, eta ikerketek diotenez, umeek eta gaztetxoek gauzak ikusteko geroz eta pazientzia gutxiago dute: "ez bakarrik umeak, guztiok. Kontzentrazio gaitasun hori galtzen ari da edo behintzat zailagoa da". Lehia "pontente" horretan dago literatura, eta beraz kontraste hori irakurtzean dago.
"Irudiekin oso konektatuta dagoen poesia egiten ari da; ez gogoetarako"
CASTILLO SUAREZ
Suarezek gogoratu du nola arlo akademikoan lan egiten duen ezagun batek esan zion ea zertarako idazten duen inork ez badu irakurtzen: "Nik uste dut hori pasatzen dela". Literatur lehiaketetan ikusi duenez, Instagram Poesia deitzen diotena ikusten ari dira, "irudiekin oso konektatuta dagoena, ez hainbeste gogoetarako poesia bat zer pentsatua izango duena". Narrazioaren kasuan Baldak ez ditu horrelakorik hainbeste ikusi, baina aipatu duenez sare sozialetan ikusten dira argazki bat eta ondoan testutxo moduko bat, "hor badago beste zerbait".
Gazteak
Solasaldiaren izenburuan Instagram hitza agertzen denez, gazteei bideratutako jarduera bat dela pentsa daiteke. Gazteak gerturatuko diren galdetuta, Suarezek apustua bota du: "50 urtetik gorako emakumeak egongo dira, literatur txoko batean daudenak. Nik uste hor badagoela fenomeno bat, pandemiaren geroztik sortu zena". Gazte-gazteak ez direla izango aipatu du. Hala ere, Baldak mahaiaren gainean jarri du Euskal Herrian badirela "gazte batzuk poesia egiten", eta bizimoduarekin lotutako zerbait izan daitekeela ondorioztatu dute idazleek. Suarez: "Nobela batek lan jarraitua eskatzen du. Poema sorta bat egin dezakezu poema bat gaur, hemendik hamabost egunera beste bat, aurrera eta atzera ibili. Beste modu batera hartzen da". Poesiak duen idazteko modu horrek gazteek duten bizimoduarekin bat egiten duela gaineratu du. Balda: "Hasi nintzenean poesia idazten nuen, batez ere, eta askotan pentsatzen nuen, horregatik zela. Poema bat ideia batetik egiten duzu, eta gero lan asko dago, noski. Baina zerbait bururatu eta idazten duzu". Narrazioa idazteko orduan bi mota daudela gaineratu du Baldak: "Hasieratik dena idazten dutenak edo ideia batetik hasi eta idazten joaten direnak".
Ekainaren 3ko hitzaldiaren lehenengo pintzeladak eman dituzte GUAIXE IRRATIAn, eta egunean bertan ere jendearen arabera eta interesen araberako solasaldia eginen dutela esan dute. "Penarekin" gelditu dira, egun berean, Lakuntzan, Jon Mirande izanen delako mintzagaia.