Atzo, maiatzaren 28an hasi zen 63. Nafarroako Itzulia, mutilen afizionatuen mailako lasterketa ezaguna. Non, eta Sakanan, Hiriberri Arakilen, zehatzago. Txirrindulariek Hiriberriko San Martin plazan egin zuten sinadura eta talde aurkezpena, eta bertatik abiatu zen proba, hasieran neutralizatuta. Irurtzunera heldu ondoren, Mugirorantz egin zuen lasterketak eta Larraungo herriak, Doneztebe, Ituren eta Leitza lotu zituen, Berueteko gaina, Orokietako gaina, Basakabi eta Huitziko gainak kateatuz. Lekunberri pasatu ondoren, Oderitzen zuten helmuga.

Txirrindularien kezka nagusienetako bat beroa izan zen. Hala ere, erasoaldiak izan ziren, eta horietako batek arrakasta izan zuen. Tartean zegoen Aimar Tadeo Arkauz (Equipo Cortizo). Lakuntzarrak primeran irakurri zuen lasterketa eta Oderitzeko helmugara bakarrik iritsi zen, garaipen ederra lortuaz (3:40:06), Cas De Smeyter bigarrenari (Chemical) 2 segundo eta Kevin Alexander Velasquez (Telco-on Clima Oses) hirugarrenari 4 segundo aterata. Mikel Uncilla etxarriarra (Rural Kutxa-Alea) Top10ean sailkatu zen, hamargarren, 1:21era.
Guztira 112 txirrindulari sailkatu ziren, eta 11 erretiratu egin ziren.
Aimar Tadeo pozarren zegoen garaipena lortzeagatik. Garaipenaz gain, lehen nafarra da. “Garaipenak datozen hurrengo etapetarako indarra ematen digu. Equipo Cortizo indartsu dago, ea lidergoa mantendu dezakegun”. Lakuntzarra ez da fio. “Tropelean jende oso ona dago eta sailkapen orokorra lortzen saiatuko da. Beraz, lasai, burua argi eta jarraitzera”.
Datorrena
Bigarren etapa, maiatzaren 29koa, nahiko laua da, Marcilla eta Ribaforada artean (140,7 km). Equipo Cortizok Aimar Tadeoren lidergoa mantentzeko lana egingo du. Hirugarrena, aldiz, etapa nagusia izango da, mendiz jositakoa. Erratzu eta Urdax/Urdazubi bilduko ditu (148,1 km), Saldias, Otsondo, Eskirasoi, Bagordi eta Orabidea gainak tartean dituela. Laugarren eta azken etapa maiatzaren 31n Iruñea eta Allo artean jokatuko da (133,6 km), Goñi, Girgillano, Lezaun, Eraul eta Olejua gainak tartean.
