Trinitate ospakizunak bakaikuarrak eta iturmendiarrak Urbasa gaineko Santa Marina ermitaren inguruan elkartu zituen larunbatean, maiatzak 30. Batzuk jatekoak prestatzen zeuden bitartean, plazan, ardoa banaketa izan zen. Baita trikitixa eta pandero doinuak. Haren aireak gustura asko dantzatu zituzten hainbatek. Koadrilak edo familiak mahaien bueltan bazkaltzera eseri ziren. Baina postreen garairako lainoa sartu zen eta herrietarako bidea lehenago hartu zuten. Festaren errematea, dantzaldia, Bakaikun izan zen, aurten hango udalari egokitu zitzaiolako ospakizuna antolatzea. Hurrengo egunean, domekarekin, ermita zabaldu eta elizkizuna hartu zuen, eguerdian.