Ikasleak Unibertsitatean Sartzeko Proban

Guaixe 2026ko ekainaren 2a

Joan zen urtean proba egin zuten ikasleetako batzuk. NUP

Probak Arrosadiko campuseko Ikasgelategian eginen dituzte garagarrilaren 2tik 4ra. Ikasturteko honetako deialdiak ez du berritasun handirik aurreko urtekoarekin alderatuta. 

Guztira 4.146 ikaslek eginen dituzte Unibertsitatean Sartzeko Probak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). Haietatik 50 Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutuko D ereduko ikasleak dira. Probak NUPen Arrosadiko campusean eginen dituzte. Probarako matrikulatutako ikasleetatik 2.391 emakumeak dira, eta 1.755 gizonak. Bestalde, hizkuntza-ereduari dagokionez, guztira 3.097 ikaslek eginen dute proba gaztelaniaz, eta 1.049k euskaraz. Ikasle gehienek (3.406 ikasle) nahitaezko fasea eta borondatezkoa eginen dituzte; 560 ikaslek borondatezko fasea bakarrik eginen dute, eta 180 ikaslek, nahitaezkoa bakarrik. 

Ikasleek garagarrilaren 10ean izanen dituzte eskuragarri deialdi arrunteko proben emaitzak, eta hilaren 17tik aurrera deskargatzen ahalko dute kalifikazioen txartela. Bestalde, deialdi bereziaren azterketak garagarrilaren 24an, 25ean eta 26an izanen dira, eta emaitzak garagarrilaren 30ean egonen dira eskuragarri. Kalifikazioen txartela, berriz, garilaren 15etik aurrera egonen da deskargatzeko moduan.

Probak nola eginen diren
Hautaproban, batetik, Unibertsitatean Sartzeko Proba (USP) dago, eta nahitaezkoa da unibertsitatean sartzeko; bestetik, borondatezko fasea. Deialdiaren beste berritasunetako bat da orain, azken fase horretan, gehienez ere lau ikasgaitako azterketak egiteko aukera dagoela, eta laugarrena atzerriko hizkuntza da. Aurreko deialdietan bezala, egindako azterketetako bi nota hoberenak hartuko dira. Aurtengo beste berritasun bat da borondatezko faseko emaitzak hiru ikasturteko iraupena izanen duela. Aurrekoetan bi ikasturte ziren. 

Ohikoa denez, azterketa egin bitartean eta ikasgelatik atera arte, ikasleek ezin izanen dute ez piztuta ez begi-bistan izan komunikatzeko edo datuak biltegiratzeko balio duen gailu elektronikorik (esate baterako, telefono mugikorrak, ordenagailu pertsonalak, tabletak, erloju adimendunak, eta abar). 

Azterketa egutegia

Garagarrilak 2, asteartea
09:30 Gaztelania eta Literatura II.
12:00 Ingelesa.
16:00 Espainiako Historia.
18:30 Filosofiaren Historia.

Garagarrilak 3, asteazkena 
08:30 Euskara eta Literatura II. 
11:00 Matematika II, Latina II, Musika Analisia II eta Marrazketa Artistikoa II. 
15:00 Gizarte Zientziei aplikatutako Matematika II, Zientzia Orokorrak eta Arte Eszenikoak II. 
17:30 Alemana eta Frantsesa.

Garagarrilak 5, osteguna 
08:30 Fisika, Diseinua, Geografia eta Musikaren eta Dantzaren Historia. 
11:00 Biologia, Artearen Historia, Marrazketa Teknikoa II eta Oinarri Artistikoak. 15:00 Kimika; Adierazpen Grafikoko Teknikak; Plastika; Enpresa; Negozio Ereduen Diseinua; Korua eta Ahots Teknika II. 
17:30 Geologia eta Ingurumen Zientziak; Mugimendu Kultural eta Artistikoak; Greziera II; Teknologia eta Ingeniaritza II; Arte Plastikoei eta Diseinuari Aplikatutako Marrazketa Teknikoa II eta Literatura Dramatikoa.