Elikadura egitasmo baterako diagnosi lanak eman nahi ditu Garalurrek

Guaixe 2026ko ekainaren 8a

Alubi landareak baratzean. ARTXIBOA

Helburua da lehen sektoreko elikagaien sektorearen lehiakortasuna hobetzea, tokiko produktuen kontsumoa sustatzea, lurralde-gobernantza indartzea eta eragile publiko eta pribatuen arteko lankidetza-sareak sortzea. 

Tokiko nekazaritzako elikadurarako bide berriak izeneko proiektua elkarlanean lantzen ari dira Cederna Garalur eta TEDER tokiko ekintza taldeak. Jantoki kolektiboen diagnostikoa eta elikagaien lurralde-gobernantzaren eredua garatzeko lana eman nahi dute. Kontratuak 60.300 euroko (BEZik gabe) aurrekontua du. Proiektu hori Nafarroako Gobernuak eta Europar Batasunak finantzatzen dute. Lan hori egin nahi duen enpresak bere eskaintza garagarrilaren 17ko 14:00ak baino lehen aurkeztu behar du.  Kontratua bereganatzen duenak egitekoak heldu den urteko maiatzaren 30erako despedituta izan beharko ditu. 

Garalurren eta TEDERren proiektu horren helburua landa eremuetan lehen sektorean ekoizten diren elikagaien sektorearen garapena bulkatzea da, iraunkortasuna, gizarte ekitatea eta elikadura subiranotasuna sustatuz. Lurraldea biziberritzeko estrategia baten barruan dago, eta tokiko ekoizpenak landa-garapenean duen funtsezko zeregina eta genero-ikuspegia onartzen ditu.

Ekimen horrekin, Garalurren eta Tederren helburu orokorra da Nafarroako Mendialdeko ikastetxeetako eta zaharren egoitzetako jantokien egoeraren diagnostikoa egitea, eta tokiko produktuan oinarritutako elikadura osasungarriago eta iraunkorrago baterantz igarotzeko menuak eta elikadura-ohiturak aldatzeko proposamena egitea. Aldi berean, bakardade ez hautatua duten pertsonei zuzendutako elikadura-eskaria zein izan daitekeen aztertu nahi dute. Horretarako Garalurreko kideak Mendialdeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitate batekin harremanetan jarriko dira. 

Mendialdean eginen diren diagnosien artean, Sakanan lau ikastetxetako janari eskariaren diagnosiak daude. Horretarako, eginen dira: ikastetxeetara bisitak, sentsibilizazio lana, ikastetxeen benetako jakien eskaera ezagutzea, aldaketetarako aukerak aztertzea eta elikadura osasuntsu eta jasangarrirako trantsiziorako interesa neurtuko da. Diagnosiarekin batera aldaketarako ibilbide orria ere eginen da.