Kafea prestatzeko kapsulak erabiltzen dituzte hainbat sakandarrek. Kapsuletako batzuk konpostagarriak dira baina erabiltzen diren beste kafe kapsula batzuk, ordea, ez dira konpostagarriak. Horiek bereizita jasotzen hasi da Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzua. Kapsula ez konpostagarriak erabiltzen dituen sakandarrak haiek jaso eta Arbizuko eta Altsasuko garbiguneetara eta garbigune mugikorrera eramateko aukera du.
Hondakin horren kudeaketa egiteko Mank-ek eta Circularcapsek lankidetza hitzarmena sinatu dute. Azken hori hemezortzi enpresa kafegilek sortutako irabazi asmorik gabeko erakundea da.
Hondakin Zerbitzuko teknikari Olatz Garde Mazkiaranek azaldu duenez, "kapsuletatik hainbat osagai berreskura daitezke, ondoren erabilera berriak emateko". Gardek jasotako kapsulek izanen duten tratamendu prozesuaren berri eman du: "lehenik, kapsulak xehe-xehe txikitzen dira. Horrela, metala, plastikoak eta kafe hondarrak bereiziko ditugu". Gardek azaldu duenez, "kafe hondar horiek mantenugaietan aberatsa den konposta egiteko erabiltzen dira". Bestetik, xehetutako gainerako materialak bereiztu eta sailkatu eginen dituzte. "Aluminioa produktu berriak sortzeko urtuko da, esaterako, bizikletak. Eta plastikoa granulu edo bolatxo txiki bihurtzen da. Horiek, ondoren, kaleko altzariak, loreontziak eta egunerokoan erabiltzen diren beste objektu batzuk fabrikatzeko erabiliko dira", azaldu du Gardek.