Lanbide Heziketan arrautzen banaketa nola egin aztertzen ari dira

Guaixe 2026ko ekainaren 11

Lanbide Heziketako ikasleak Delta proiektuan lanean. UTZITAKOA

Ikasleak hegazti enpresa batendako proiektua lantzen ari dira.

Arrautzekin lanean dabiltza Sakana Lanbide Heziketa Institutuko automatizazioa eta robotika industriala goi graduko ikasleak. Hamasei ikasle dira Delta proiektuan lanean ari direnak. Haietako bederatzi 1. mailako ikasleak dira eta gainontzeko zazpiak 2. mailakoak.

Proiektuaren helburua da Huevos Larraz enpresarendako arrautzak bereizteko sistema automatizatu bat diseinatzea. Aipatu enpresak Etxalarren, Larrionen eta Arbizun ditu oilo ustiapenak. Aske hazitako oiloen arrautzak ekoizten dituen baserritar talde bat da. Modu artisau eta jasangarri batean mantentzen eta garatzen da enpresa, kalitate handiko arrautzak ekoiztuz. Haien arrautzak Produkzio Integratuaren ziurtagiria eta Reyno Gourmet zigilua dituzte. Orain arrautzak eskuz jasotzen dituzte, baina etorkizunean aldaketa izan dezake sistema horrek.

Horretarako, ikasleak sortzen ari diren sistemak arrautzak azkar eta zehatz identifikatu eta sailkatzeko gai izan behar du. Horretarako, ikasleek, alde batetik, ikusmen artifizialeko sistema erabiltzen ari dira. Haren bidez hautsita dauden edo txarrak diren arrautzak bereizi egiten dira. Onak diren arrautzak, berriz, Delta izeneko robot batekin hartzen dira. Horretarako airea eta pintzak erabiltzen ditu.

Automatizazioa eta robotika industriala goi graduko ikasleez aparte, beste ikasketak egiten ari diren ikasleak ere proiektuan parte hartu dute, esaterako, soldadurakoek egitura bat egin zuten.

Delta robotaren funtzionamendurako beharrezko osagaien diseinuan eta fabrikazioan Sakanako Garapen Agentziak lagundu die, Dinabideren bitartez. Agentziak, gainera, ikasleen lanaren berri ibarreko enpresen artean ezagutarazi du. Horrela, Lanbide Heziketa ikastetxearen eta ingurune industrialaren arteko lotura indartu du.


Lanbide Heziketako ikasleak Dinabiden azalpenak entzuten. UTZITAKOA

Industria irteera 
Ikasleek ez dute proiektua ikasturte honetan despedituko, baina bukatzean oilo haztegian probatuko dute, nahiz eta prototipoak institutuan gordeta bukatuko duen.

Graduko irakasleek azaldu dutenez, "beste proiektu batzuetan bezala, ekimena ikaskuntza praktikoan eta talde-lanean oinarritzen da, ikasleak industria-inguruneko egoera errealetara hurbilduz". Azaldu dutenez, "prozesuan zehar, hainbat irtenbide probatu behar izan dituzte, akatsak zuzendu behar izan dituzte eta diseinua sistemaren beharretara egokitu behar izan dute, aplikatutako automatizazioaren funtzionamendua hobeto ulertzeko".

Nabarmendu dutenez, "Innova programako horrelako esperientziek aukera ematen dute Lanbide Heziketa inguruko enpresekin konektatzeko, eta, aldi berean, ikasleek beren etorkizun profesionalerako funtsezkoak diren gaitasun teknikoak eta zeharkakoak garatzen dituzte".