Astekaria

Sakandarrek maila eman dute Espainiako Mendi Txapelketetan

Maider Betelu Ganboa 2026ko ekainaren 9a

Aitor Mendoza, Espainiako Txapelketetan Nafarroako selekzioarekin aritu ziren sakandarrekin: Ekhi Guirado, Maddi Berastegi, Sihes Agirre eta Eider Perez. UTZITAKOA

Sihets Agirre haurren mailako linea lasterketan hamabosgarren sailkatu zen.

Maiatzaren 30 eta 31ko asteburuan CESA, eskola adineko Espainiako Mendi Lasterketen Txapelketak jokatu ziren Alcaudeten (Jaen). Nafarroako Txapelketan egindako lana kontuan hartuta, 11 neska-mutilek osatu zuten Nafarroako selekzioa. Tartean Dantzaleku Sakana atletismo eskolako lau korrikalari zeuden: Ekhi Guirado, Maddi Berastegi, Sihets Agirre eta Eider Perez. Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioko presidente Miren Eizmendi eta Dantzaleku Sakanako Aitor Mendoza izan ziren selekzioko monitoreak. Landetxe batean hartu zuten aterpea, esperientzia ezin politagoan. 

Bi proba osatu behar izan zituzten: larunbatean Ahillos mendizerrako Loma del Gitano parajean jokatutako km bertikala, eta igandean lineako lasterketa, Torre Caniles parajeko Las Cabreras mendian. 

Aitor Mendoza altsasuarrak "beroa" nabarmendu du. "Sekulakoa zen, bereziki km bertikalean, larunbat arratsaldean jokatu baitzen. Kadeteek 16:00etan zuten proba eta haurrek 17:00etan, baina beroarengatik 17:30era eta 18:30era atzeratu zituzten. Hala ere, bero". Kadeteek 1980 metroko distantzia osatu zuten, 450m+ desnibelarekin. Ekhi Guirado 29. sailkatu zen (24:08) eta Maddi Berastegi 43. (36:03). Haurrek 1230 metroko lasterketa eta 250 m+ko desnibela zuten aurretik. Sihets Agirre 33. izan zen (22:11) eta Eider Perez 43. (23:18). "Gureak ez daude bertikaletara ohituta; linea lantzen dugu gehiago. Hala ere, guztiek proba bukatu zuten. Esperientzia ezberdina izan zen".

Igandeko linea lasterketan gusturago aritu ziren. Goizean jokatu zen, kadeteak 9:00etan (10.150 m, 480 m+), eta infantilak 10:00etan (5.250 m, 250m+), tenperatura freskoagoekin. "Zirkuitu polita zen. Gezurra dirudi Jaen bezalako toki batean horrenbeste mendi egotea". Kadeteetan Ekhi Guirado 34. sailkatu zen (59:17), eta Maddi Berastegi 42. (1:31:44). Infantiletan, Sihets Agirre ederki aritu zen, hamabosgarren (33:05) eta Eider Perez 47. (38:54). 

Esperientzia bikaina
Nafarroa sailkapeneko erdialdean kokatu zen. Kataluniarrak eta andaluziarrak ziren, agian, indartsuenak. "Maila oso handia zegoen. Nafarrak ongi aritu ziren. Martin Arguellesek eta Sihets Agirrek postu onak egin zituzten, eta gainontzekoak ongi lehiatu ziren. Esperientzia bikaina izan da guztiondako. Ederki pasa dugu".