Tolosako zezen plazan jokatu zen, ekainaren 7an, Euskal Duatloiko final handia. Hamaika herri kirolari lehiatu ziren, hiru txandatan banatuta, eguzkia eta bero handia bidaide zituztela. 45 ontzako enbor horizontala erdibitu, segidan tamaina bereko bertikala moztu eta 500 metro korrika egin. Zirkuitu hau lautan egin behar izan zuten finalistek. Bigarren txandan lehiatu zen Julen Alberdi “Txikia” gipuzkoarrak bigarren aldiz jarraian jantzi zuen txapela, iazko bere marka 37 segundotan hobetuz eta denbora estratosferikoa lortuz: 22:44. Hiru minutu eta erdi luze atera zizkion Ibai Soroari (26:20). Xabier Zalduak osatu zuen podiuma (27:08).
Eloy Kortxero eta Oier Mitxelena hirugarren txandan aritu ziren. Joritz Gisasola eta Ibai Soroarekin. Ordurako Julen Alberdik bere lan ikusgarria egina zuen eta Ibai Soroa gerturatu oteko zitzaion, hori zen zaletuen zalantza bakarra. Baina hasieratik ikusi zen Soroak txapela lortzea ezinezkoa izango zuela. Nolanahi ere, Ibai Soroak lan ona egin zuen eta bigarren jarri zen sailkapenean (26:20). Eloy Kortxero eta Oier Mitxelena txukun aritu ziren. Lakuntzan bizi den arabarra seigarren sailkatu zen (30:14) beta altsasuarra bere atzean, zazpigarren (30:20).
Sailkapena:
1.Julen Alberdi 22:44
2. Ibai Soroa 26:20
3. Xabier Zaldua 27:08
4. Aitzol Atutxa 29:07
5. Eneko Saralegi 29:11
6. Eloy Kortxero 30:14
7. Oier Mitxelena 30:20
8. Julen Kañamares 30:27
9. Oier Kañamares 31:17
10. Ioritz Gisasola 32:23
11. Julen Larrea 33:26