Elgoibar parean, AP-8 eta AP-1 errepideen arteko Maltzagako lotunean, auto istripua izan eta bost foruzain hil ziren garagarrilaren 3an. Ezbeharrak Foruzaingoko lankideak hunkitu egin ditu. Hainbat dolu adierazpen izan dira. Horietako bat izan da Altsasuko polizia etxearen parean dauden banderak masta erdiraino jaistea dolu adierazpen gisa.
Foru poliziak 98 urteko ibilbidea du. Eta urte horietan lanean zeudela 13 agente hil dira. Aurrena Pedro Mariñelarena Belza izan zen, 36 urte zituela hil zen. Lizarrustin zergak kobratzeko postua zegoen eta foruzaina hara zihoan motor batean. Portuan behera jaisten zen txirrindulari batekin istripua izan zuen. Bizikletako manilarrarekin kolpe handia hartu zuen Mariñelarenak, barne lesioak izan zituen, eta hilabetera bat-bateko heriotza erain zion 1930eko irailaren 26an. Heriotzaren arrazoia autopsiak argitu zuen.
Heriotza zela eta Diputazioko arduradunek azpimarratu zuten Mariñelarenak "zerbitzuan bere eginkizunak betetzeko ardura eta eskrupulua". Bestetik, haurdun zegoen eta bost seme-alaba adingabe zituen alargunari 5.000 pezetako (30 euro) dohaintza ematea erabaki zuen. Ezbehar horren ondorioz, Nafarroako Foru Diputazioak istripuetarako bizitza aseguru bat harpidetu zuen motorzaleendako.
