Hurbil proiektua gobernua enpresa sareari gerturatzeko

Guaixe 2026ko ekainaren 11

Dinabiden egindako aurkezpenean parte hartu zutenak. NAFARROAKO GOBERNUA

Industria Departamentuaren laguntzak eta zerbitzuak Nafarroako enpresa sarearekin lotzen dituen proiektu berria da. Eskualdeetako enpresa elkarteei aurkezteko erronda egin du departamentuak eta gertuko harreman espazioa sortu dute. 

Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak bulkatutako proiektu berria da Hurbil. Haren bidez baliabideak, laguntzak eta zerbitzu publikoak modu proaktibo eta pertsonalizatuan Nafarroa osoko enpresa eta merkataritza sarera hurbildu nahi dituzte departamentuko arduradunek. Helburua da zerbitzu horiek modu eraginkorragoan egokitzea Nafarroako enpresa sarearen errealitatera eta erronketara.

Mikel Irujo Amezaga kontseilariak adierazi duenez, "Hurbil departamentuaren zerbitzuak eta laguntzak hurbiltzeko asmoz sortu da, modu erabilgarrian, hurbilean eta Nafarroako eremu bakoitzaren errealitatera egokituta. Informazio edo laguntza falta ez dadila izan aitzakia Nafarroako enpresa guztiak laguntza, programa edo zerbitzu bat eskura izan ditzaten". Irujok esan zuenez, "prozesu horren bidez, enpresa ehunarekin harreman zuzena indartzen dugu, haien beharrak entzuten ditugu eta aurrera egiteko eta hobetzeko elkarrizketa espazioak sortzen ditugu. Hori da Hurbil, enpresetatik gertu egotea. Nafarroako lurralde osoan zehar pertsonengandik hurbil egotea eta haiekin batera haztea", nabarmendu du Irujo kontseilariak.

Proiektuaren barruan aurreikusitako jardueren artean, honako hauek nabarmentzen dira: lurralde jardunaldiak antolatzea Nafarroako hainbat eskualdetan, inbertsiorako laguntzak zuzenean aurkeztea, I+G+b programak, digitalizazioari laguntzeko ekimenak eta finantzaketarako eta enpresa laguntzarako tresnak. Horretaz aparte, Hurbil-ek enpresekin hitz egiteko espazioak sustatuko ditu, kontsultak formatu hurbil eta irisgarri batean konpontzea errazten du, eta departamentuaren eta lurraldeko eragile ekonomikoen arteko komunikazio-kanal iraunkor bat finkatzen du.

Ibarra 
Nafarroako hainbat eremutako enpresa elkarteek planteatutako beharrei erantzunez, enpresa lehiakortasunerako estrategikoak diren arloetan oinarritutako informazio jardunaldiak antolatu dira dagoeneko. Jorratutako gaien artean, ekintzailetzarako laguntzak eta programak, enpresen eraldaketa digitala, trantsizio energetikoa, kenkari fiskalak eta Aurrezki Energetikoaren Ziurtagiriak (EAE), ekonomia zirkularra, eraginkortasun energetikoa, Industria Plana eta I+G laguntzeko neurriak daude.

Halako jardunaldi bat egin zen Irurtzunen apirilaren 21ean. Bestetik, Sakanako Enpresen Elkarteko zuzendaritza CEINen izan zen. Hurrengo hilabeteetan Sakanako enpresa sarearekin topaketa bat aurreikusi dute ere. 

Saio horietan guztietan Nafarroako Gobernuaren laguntzen urteko egutegia jakinarazi da. Tresna horrek aukera ematen die enpresei urtean zehar argitaratuko diren deialdiak aurreratzeko eta inbertsio eta hazkunde proiektuak eraginkortasun handiagoz planifikatzeko. Ekimen horrek interes handia piztu du enpresa parte-hartzaileen artean, eta bereziki baloratu dute laguntza-ildoei buruzko informazio aurreratua izateko aukera.

Hobekien baloratu den beste alderdi bat une bakoitzean irekitako laguntzen deialdiei buruzko informazio praktikoa hurbiltzea izan da, baita Energia Aurrezteko Ziurtagirien (EAE) zabalkundea ere. Tresna hori oraindik ez da oso ezaguna enpresa-ehunaren zati handi batean, eta energia-eraginkortasuneko jarduerak bultzatzeko aukera berriak eskaintzen ditu.

Enpresen kezkak eta beharrak bertatik bertara jasotzeko ere balio izan dute jardunaldiek. Departamentutik adierazi dutenez, "planteatutako gaien artean, laguntzak gauzatzeko epeekin lotutakoak eta administrazio-prozedurak sinplifikatzen jarraitzeko beharra nabarmentzen dira. Parte hartu duten enpresek eskertu egin dute topaketen gertuko formatua, eta interesa agertu dute jardunaldi horiek aldian-aldian beren eskualdeetan egin ahal izateko".

Departamentuko ordezkariek azaldu dutenez, "bere eskualdean jardunaldi batean parte hartzeko interesa duen edozein enpresa edo saltoki jar daiteke zuzenean harremanetan departamentuarekin helbide honen bidez: desarrolloeconomico.territorio@navarra.es".