Euskalgintzaren Kontseiluan jabetu dira gero eta gehiago direla euskararen etorkizunaren gaineko kezka eta larritasuna adierazten dituzten datuak eta ikerketak. "Zailtasun horiei erantsi behar zaie euskararen biziberritzearen kontrako oldarraldi antolatu ba", gaztigatu dute.
Hala ere, sinetsita daude posible dela "euskararen biziberritzeari bulkada ematea, Pizkunde berri bat eragitea, eta horretarako ezinbestekoa dela euskaltzaletasunaren giharra indartzea". Horregatik antolatu dute Euskaltzaleen Martxa, Iruñean eginen dena larunbatean. Haren leloa da: Euskaraz bizitzeko behar den dena.
Euskaltzaleen Martxak hiru aldarri izanen ditu. Eta aldarri bakoitza gorpuzteko Iruñeko hiru tokitatik zutabe bana abiatuko da. Zutabe bakoitzak bere pankarta, txaranga eta pregoilaria izanen ditu. Azken horiek pregoia irakurriko dute lehenik eta ondoren zutabea abiarazteko etxajua piztuko dute. Hiru zutabeek Gaztelu plazan bat eginen dute.
Zutabeen osaera ahal bezain orekatua izan dadin, Kontseiluak hiru irizpide zehaztu ditu: dagoeneko Iruñean dauden herritarrak Runako Parkean bilduko dira, autoz iristen direnak Antoniuttin, eta herrietatik autobus bidez iristen direnak Askatasun Enparantzan. Pregoi eta txupinazoen ondotik, zutabeak pankarten eta txarangen atzetik abiatuko dira aldarrikapen eta jai giroan, Gazteluko Plazan bat egiteko.
Zutabeak
Ofizialtasuna osoa
Tokia: Anttoniuti parkea
Pizkunderako oinarria: Ipar Euskal Herrian zein Nafarroaren zati handienean, bai eta EAEn gero eta nabariago, euskararen estatus eta berdintasun gabezia oinarrizko arazoa da normalizazio eta biziberritzean aurrera egiteko. Besteak beste, ehunka mila herritarren eskubideen aitortza falta eta urraketa sistematikoa gainditzearen aldeko aldarri irudikatzen du, muga guztien gainetik euskarak batzen gaituelako.
Pregoilariak: Batuz Aldatu dinamikaren talde eragileko kideak izango dira, euskararen aldeko adostasun soziopolitiko berri bat bultzatzeko egin duten lanarengatik. Izan ere, 2025eko irailean bi urteko elkarrizketa prozesu baten emaitza aurkeztu zuten, Itun soziopolitiko berrirako eskaintza izenburukoa. Talde eragilea gizarte zibileko 11 eragilek osatu dute: AEK, Agirre Lehendakaria Center, Athletic Club Fundazioa, Euskal Kontsumitzaileen Alkartea, Taupa Mugimendua, Eusko Ikaskuntza, Gazte Euskaltzaleen Sarea, Gipuzkoako Erizainen Elkargoa, Mondragon Korporazioa eta Nafar Ateneoa.
Hizkuntza politiketan jauzia
Tokia: Runako parkea
Pizkunderako oinarria: hizkuntza politiketan jauzi bat eragiteko asmoz erakundeak, alderdiak eta eragile sozialak interpelatuko dituena, euskararen ezagutza orokortuko duten politiken eta erabilera normalerako baldintzak sortuko dituzten neurrien alde.
‘Zazpi jauzi’ izenburuarekin, mende luzetan euskaldunok jasandako menderakuntza eta egoera iraultzearen aldeko ekimen eta adierazpenak nabarmentzen dira pankartaren diseinuan.
Pregoilariak: Ipar Euskal Herriko Azterketak Euskaraz mugimenduko kideak. Baxoa beraien hezkuntza-ibilbide guztia egin duten hizkuntzan, euskaraz, egiteko debekuaren aurrean abiatutako mobilizazio eta desobedientzia dinamikagatik.
Euskaltzaletasuna
Tokia: Askatasun plaza
Pizkunderako oinarria: euskaltzaletasunaren ekarpena aldarrikatuko duen zutabea, azpimarratuz egunerokoan euskaltzale gisa jokatzearen garrantzia eta euskaltzaleok elkarrekin antolatzearen premia.
Hori guztia lehen lerrora ekartzeko beharra azpimarratzen du zutabeko pankartak. Euskaltzaleon ekintza kolektiboari esker, euskarari etorkizun oparo bat emateko ilusioa eta etengabeko lana irudikatzen ditu.
Pregoilariak: euskarazko eduki sortzaileek botako dute, plataforma digitaletan euskarazko ikus-entzunezkoak sortuz euskaldunoi geroz eta beharrezkoago ditugun arnasguneak eskaintzeko egiten duten lana aitortuz.
Egitaraua
11:00 Haurren txokoa: Santa Ana Plazan
Porrotx eta Zapotxin
Ondoren: Dindaikale haurrentzako jolasak, Dindaiaren eskutik.
12:00 Bermut Pintxada LABAn, Posidonia Ozeanikarekin.
Euskaltzaleon Kantujira, Alde Zaharrean
13:30 Gazte Euskaltzaleen Martxari harrera: Karmen kalean.
17:00 Denok zutabeetara: Runako parkea, Askatasun plaza eta Antoniutti parkea.
18:00 Ekitaldia: Gazteluko Plaza
Ondoren: Kalejira Alde Zaharrean, ErripaBizirekin (EHEren eskutik).


