Iparraldeko Autobian bidesaria jartzeko aurreneko pausoa

Guaixe 2026ko ekainaren 17a

Iparraldeko Autobia (A-1) Altsasun. ARTXIBOA

Nafarroako Gobernuak hura ezartzeko deialdia egin du. Kamioiei kobratuko diete bide saria.

Foru administrazioak autobietan eta NA-121 errepidean kamioiendako bidesariak jarri nahi ditu. Aurrena Iparraldeko Autobia (A-1) izanen da. Horregatik, Nafarbide enpresa publikoak kontratatu nahi ditu autobia erabiltzeagatiko ordainketa sistema ezarri, erabili eta mantentzeko lanak, zehazki, obra zuzendaritza eta laguntza teknikoko zerbitzua. Kontratuak 306.888,02 euroko (BEZik gabe) balioa du. Hura eskuratu nahi duen enpresak bere eskaintza garilaren 17ko 23:59ra arte egin dezake. Lana bereganatzen duen enpresak 19 hilabete izanen ditu egitekoak despeditzeko.

Europar Batasunak baimena eman zien erkidegoei ibilgailu astunei bidesaria kobratzeko, horrela azpiegiturak eraikitzeagatik eta mantentzeko kostuak berreskuratzeko. Bidesaria 3,5 edo gehiagoko tona duten kamioiei kobratuko diete. Sakanako hiru autobiek kamioiendako bidesaria izanen dute: Leitzarango Autobia (A-15), Sakanako Autobia (A-10) eta Iparraldeko Autobia (A-1).

Sistemaz
Bidesarirako aukeratutako sistema teknologikoa kanal anitzeko fluxu libreko teleordainketan oinarritzen da. Baina autobia tarteetan banatu eta kontrol-puntuak jarriko ditu, horrela ibilgailuak detektatu, identifikatu eta sailkatu ahal izateko. 

Dauden loturen eta sarbideen arabera, autobia bakoitzeko bi noranzkoak zatitan banatu dituzte. Tarte horiek, beraz, autobideetako sarbide edo irteera lotura guztiek mugatuko dituzte; horrela, autobiatik pasatzen diren ibilgailu guztiak erregistratu ahal izango dira, eta zirkulatzen duten tarteak erregistratu ahal izango dira, gero kobratzeko. Hala, Leitzarango Autobian zortzi kontrol gune izanen dira, haietako bat Irurtzunen. Sakanako Autobian (A-10) hamabost kontrolgune aurreikusi dituzte. Eta, azkenik, Iparraldeko Autobian (A-1) sei kontrol gune izanen dira lau Altsasun eta bana Olatzagutian eta Ziordian.

Bidesaria kobratzeko ohiko erabiltzaileek OBU sistema izanen dute. Ezohiko erabiltzaileen kamioiaren matrikula automatikoki irakurriko da eta gidariek Nafarbideren Bezeroari Arretarako Zentroarekin harremanetan jarri beharko dira ordainketa modua zehazteko: webgunearen bidez edo telefono mugikorreko aplikazio bidez. Bidesaria ezartzean ezohiko erabiltzaileak izena emateko epea izanen da.