Nafarroako errepide sareak 3.957,36 km ditu. Horietatik 160,55 km, %4,05, Sakanan daude. Batuketa horren barruan daude autobiak, autopistak, Foru Komunitatearen Intereseko Errepideak eta tokiko errepideak.
Gaitasun handiko errepideak, autobiak eta autopistak, 51,45 km dituzte ibarrean, Sakanako errepide sarearen %32,05 dira. Errepide mota horretan luzeena Sakanako Autobia (A-10) da, 30,44 km-ko luzera duena. Iparraldeko Autobiak (A-1) 13,77 km egiten ditu ibarrean. Luzeran hurrena Nafarroako Autopista (AP-15) da, 3,85 km-ko luzera duena. Eta, azkenik, laburrena Leizarango Autobia (A-15) da, 3,38 km dituena ibarrean.
Nafarroako Foru Komunitateko Intereseko Errepide izendapena dute ibarreko bik, Lizarra Beasainekin eta Olatzagutiarekin lotzen dituztenak hain zuzen ere. Bi errepide horiek Sakanan 26,19 km dituzte, ibarreko errepide sarean %16,31 dira. Lizarra eta Beasain arteko errepideak (NA-120) 19,69 km ditu ibarrean eta gainerako 6,5ak Lizarra eta Olatzagutia (NA-718) errepidearenak dira.
Tokiko errepideek guztira 82,91 km-ko sarea osatzen dute Sakanan, %51,64. Errepide mota horretan luzeena ibarra zeharkatzen duen NA-2410 da, 45,42 km dituena. Luzeran hurrenak dira Arbizu eta Lizarragako portua lotzen dituen NA-7100 errepidea (6,51 km), Altsasu eta Gipuzkoako muga arteko NA-1000 errepidea (6,07 km) eta Irurtzun eta Madotz arteko NA-7500 errepidea (5,85 km).
Sakanako errepide sareko bide motzena NA-7068 da, Zuhatzuko sarbidea, 0,07 km dituena. Luzera motzeko hurrengo errepideak dira: Uharte Arakilgo sarbidea (NA-7517, 0,12 km), Satrustegiko sarbidea (NA-7069, 0,13 km) eta Arruazuko sarbidea (NA-7013, 0,24 km).
Herrietan
Errepide sarearen zati bat herrietan dago, zeharbideak dira. Hamar udalerritan daude eta guztira 9,17 km dira. Hau da, errepide sarearen %5,74 herriguneetan dago. Hiru udalerritan dago km bat baino zeharbide baino gehiago: Etxarri Aranatzen 1,69 km, Olatzagutian 1,63 eta Arakilen 1,29. Zeharbide motzenak, berriz, honakoak dira: Urdiainen 0,34 km, Ergoienan 0,36 eta Iturmendi 0,57. Altsasukoak 0,93 km-ko luzera du, Irurtzungoak 0,89, Arbizukoak 0,8 eta Bakaikukoak 0,67.