Pilota

Joseba Ezkurdiak Altsasun bilatuko du Lau eta Erdiko San Fermin torneorako txartela

Guaixe 2026ko ekainaren 11

Joseba Ezkurdiak Nafarroa Arenan jokatuko den Lau eta Erdiko San Ferminetako finalean egon nahiko luke. UNAI BEROIZ

Ekainaren 28an, igandea, txapelketaren partida erabakigarria jokatuko da Burunda pilotalekuan. Sarrerak salgai daude. 

Pilota txapelketa ofizialak despeditutako udako torneo handien txanda da eta San Fermin torneoa izaten da lehenetako bat, eta prestigiotsuenetakoa. Batetik San Fermin Lau eta Erdiko Torneoa jokatuko da, eta bestetik Binakako San Fermin Torneoa, olioaren desafioarekin batera. Joseba Ezkurdia arbizuarrak San Fermin Lau eta erdiko Torneoan egon nahi du. Final laurdenetan sartuko da lehian, eta ekainaren 28an, igandea, Altsasun jokatuko den kanporaketan lortu beharko du txartela. Ekainaren 24an Eibarren jokatuko den final zortzirenetako irabazlea izango du aurkari, Zabala edo Luzaideko kanporaketako irabazlea, Dario edo Alberdi II.a. 

Zalantzarik gabe, Zabala, Dario edo Alberdi II.a arerio izan, lehia ikusgarria izango da Altsasukoa. Jaialdia 17:15ean hasiko da, eta lehen partidan Salaberriak eta Gaskuek Apezetxea II.a eta Erostarbe izango dituzte aurkari. Sarrerak salgai daude 25 eurotik aurrera Entradasfronton webgunean. 

Aurretik, Bermeon
Joseba Ezkurdia eta Jose Javier Zabaleta V. Bermeo Hiria Inpesca Pilota Torneoan daude murgilduta. Ekainaren 14an, Bermeoko Artza frontoian Ezkurdiak eta Rezustak Elordi eta Zabaleta izango dituzte aurkari azken erdietan.