Ekainaren 6an Bera automobilismo zaleen topagunea izan zen, bertan jokatu baitzen X. Ibardin Igoera, Nafarroako Mendi Txapelketarako baliagarria. Taldeek entrenamendu libreak egiteko aukera izan zuten, eta, horretaz gain, entrenamendu ofizialak eta bi manga. Giro ederrean jokatutako lasterketan monoplazetan zazpi auto sailkatu ziren, eta turismoetan 41.
Monoplazetan Arnaud Dardans (BRC B49) izan zen azkarrena (2:58.689), Josu Beitiaren (Speedcar GTR EVO) aurretik (3:02.389). Sakana Motorsporteko Garikoitz Flores (TALEX M3) laugarren sailkatu zen (3:13.723). Pilotu lakuntzarrak behetik gora egin zuen, eta bere klasean, bederatzigarrenean, hirugarrena izan zen. Astebete lehenago Errioxan jokatutako Clavijo Igoeran bere klaseko lehena izan zen. Iker Palaciosek (BRC B52) ezin izan zuen irteera hartu.
Turismoetan Aitor Zabaleta (BMW M3 E46) izan zen biziena Ibardinen (3:07.499). Sakana Motorsporteko pilotuak oso txukun aritu ziren. Miguel Anton (BMW 330 D) hamaseigarren sailkatu zen (3:25.115), Alberto Villar (BMW M3 E36) hemezortzigarren (3:25.807) eta Asier Solis (BMW E36) 40. (4:16.103).