Ekainaren 13an Urbasa Txirrindularitza Klubak antolatutako afizionatuen mailako XIV. Iturmendi Saria jokatu zen, aldi berean Nafarroako elite eta 23 urtez azpiko Lineako Txapelketa zena. 139 kilometroko lasterketa oso mugitua izan zen hasieratik, eta Altamirari egindako bederatzi igoerek erabaki zuten proba.
Rural Kutxa-Alea izan zen lasterketako protagonista. Hasieratik oso lehiakor aritu zen talde berdea, eta hiru txirrindulari sartu zituen eraso erabakigarrian: Antonio Ramirez, Nil Aguilera eta Estanis Calabauig. Azken honek, helmugatik gertu tartea zabaldu zuen beste bi txirrindulariekin eta, azkenean, bakar-bakarrik iritsi zen helmugara (3:15:39), Asier Arteagaren (Grupo Eulen Amenabar, 3:16:06) eta Beñat Garaiarren (Telco-On Clima-Oses, 3:16:20) aurretik. Horrela, denboraldiko hamabigarren garaipena lortu zuen Rural Kutxa-Aleak, eta Iturmendiko lasterketako talderik onenaren saria jaso zuen. Calabauigek mendiko saria eskuratu zuen ere.
Rural Kutxa-Aleako Mikel Uncilla etxarriarra zortzigarren iritsi zen helmugara (3:16:28) baina ez zen esku hutsik joan, 23 urtez azpiko lehen nafarra izaki, Nafarroako txapeldunaren maillot gorria jantzi zuelako. Gainera, taldeari denboraldiko hamahirugarren garaipena eman zion.